Berrogeita hamar urte dira Juan Gorostidi, 1932 eta 1968 artean abesbatzaren zuzendari izandakoa, zendu zela, eta Orfeoiak gorazarre egingo dio. Horretarako, bi ekitaldi antolatu ditu hil honetan: Abuztuaren 14an –zendu zen egunean, bada–, lore-eskaintza egingo du Orfeoiak Intxaurrondoko Gorostidi plazan, 12:00etan, eta abesbatzak parte hartuko du. Egun horretan bertan, bere oroimenez kantatuko du Orfeoiak Santa Mariako salbea.

Orfeoiak ikasturte berri bat du aurrean, bere egoitzan egiten dituen irakaskuntza-jarduerei dagokienez: Antxon Ayestarán Musika Tailerra, Orfeoi Txikia, Orfeoi Gaztea, Biolin-ikasgela eta Biolontxelo-ikasgela. Erabiltzen den metodologia ezagutarazteko eta ikasleek Orfeoian ikasturtean zehar ikasten dutena gertutik ikusteko, irailaren 10ean eta 11n ateak zabalduko dira, 17:30etik 19:00ak arte. Matrikulak Orfeoiaren egoitzan egin ahal izango dira, San Juan kaleko 6 zenbakian. 

Datorren irailaren 29an (larunbata), Orfeoiak obra sakratuen kontzertu bat emango du Bidania-Goiatzeko San Bartolome elizan, tenplua duela 15 urte zaharberritu zela ospatzeko. Sainz Alfaro izango da zuzendaria, eta Gerardo Rifón organistak joko du elizako Cavaillé-Coll organoa. Sarrera dohainik izango da jarleku kopurua bete arte.

                           EGITARAUA

AITA GUREA (P. Madina)

CANTATA 147 (J. A. Bach)

AVE VERUM (W. A. Mozart)

Urrian lau kontzertu emango ditu Orfeoiak: lehena Municheko MPHIL 360° jaialdian izango da, non hiri bavariar horretako Filarmonikaren 125. urteurrena ospatuko den; bigarren kontzertua Bilboko Euskalduna jauregian izango da; hirugarrena, kontzertu solidario bat, Opus Liricaren alde, Donostian; eta, azkena, Burgosen, hiri horretako katedralaren 8. mendeurrena eta Burgosko Orfeoiaren 125. urteurrena ospatzeko.

Orfeoiak azaroan lau kontzertu emango ditu, lau tokitan: Madrilen, Cabanillasen (Nafarroa), Oñatin eta Donostian.

Urtea amaitzeko, Orfeoiak hiru kontzertu eskainiko ditu Gipuzkoan, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Lehena bazkide eta lagunentzat izango da, eta aurten zero lerro bat egongo da, nahi duenak Atzegi laguntzeko. Kursaalen egingo da, abenduaren 13an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta, halaber, haurren eta gazteen abesbatzek ere parte hartuko dute. Bigarren kontzertua ere Kursaalen egingo da, Santa Cecilia Orkestra Klasikoarekin, eta Haendelen Mesias lana interpretatuko da.

Aurten, Orfeoiak hainbat maisu ekarriko ditu, gaztetasunaren neurriz gaineko energia eta nazioartean finkatuta dagoen eskarmentu profesionalaren berezko heldutasuna konbinatzen duten orkestra-zuzendarien belaunaldikoak, orain arte 2019rako programatuta dauden 18 kontzertuetako batzuetan abesbatza zuzentzeko.

Orfeoia Parisera joango da larunbatean. Hiru kontzertu, eta beste hainbeste programa, eskainiko ditu Philharmonien: Hilaren 17an, Mahlerren 8. sinfonia interpretatuko du Municheko Filarmonikarekin eta haren abesbatzarekin, Valery Gergieven zuzendaritzapean; hilaren 20an eta 21ean, Berliozen requiema kantatuko du Pariseko Orkestrarekin eta haren abesbatzarekin eta Pariseko Kontserbatorioko Orkestrarekin, Pablo Heras-Casadoren zuzendaritzapean. Hiru emanaldietarako sarrerak orain dela aste batzuk agortu ziren.

Aurten, Orfeoiak ahots berriak bilatzeko abian jarritako kanpainak gazteengan jarriko du arreta. Proba espezifikoak egingo dira EHUren Gipuzkoako campusean, abesbatzarekin bat egin nahi duten lagunentzat asteazkenetan abesbatzaren egoitzan egin ohi diren probak alde batera utzi gabe. 

Datorren ostegunean, Orfeoiko ahots zuriek eta Orfeoi Txikikoek bat egingo dute Gustav Mahler Jugendorchester  (GMJO) orkestrarekin, Kursaalen, Jonathan Nott zuzendari britainiarrarekin batera Mahlerren 3. sinfonia interpretatzeko. Bakarlaria Elena Zhidkova izango da. Kontzertua Kursaal Eszenaren programazioaren barruan dago, eta 20:00etan hasiko da.

Subscribe to