Uztailean, Orfeoiak debuta egingo du Londreseko Proms kontzertuetan, Gustavo Dudamelen aginduetara abestuko du lehenengo aldiz Santiago de Compostelan, Lekeitioko Musika Bandaren 150. urteurrena ospatuko du, eta, hilabete amaieran, Beethovenen Bederatzigarren sinfonia interpretatuko du Kursaal jauregian.

Lehenengo hitzordu musikala hilak 7an izango da, Santiago de Compostelan. Koruak Gustavo Dudamelzuzendari venezuelarraren agindupean abestuko du lehengo aldiz, Obradoiro plazan. Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin eta Martha Matheu (sopranoa), Lida Vinyes (mezzosopranoa), Marc Sala (tenorra) eta Joan Martín-Royo (baritonoa) solistekin batera, Beethovenen Bederatzigarren sinfonia interpretatuko du Orfeoiak. Kontzertua doakoa izango da eta Abanca finantza-erakundeak antolatu du, Banco Etcheverría bankuaren 300. urteurrena ospatzeko. Gaur egun, bankua Abanca erakundearen parte da.


Dudamel munduko batutarik onenetarikoa da egun. Oso urte gutxian nazioarteko proiekzio meteorikoa lortu du. Hala, Venezuela jaioterrian Simón Bolívar Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria izan eta musikari gazteak sustatzeko heziketa-programa nazionaleko kide izatetik, Los Angeleseko Orkestra Filarmonikoa eta Göteborgeko Orkestra Sinfonikoa zuzentzera ere igaro da. Pentsa, 35 urte besterik ez zituela, Vienako Orkestra Filarmonikoa zuzendu zuen azken Urteberri eguneko kontzertuan.
Hilak 15ean, koruak Lekeitioko Musika Bandaren 150. urteurrena ospatzeko egingo den kontzertuan parte hartuko du. Kontzertua Lekeitioko Independentzia plazan egingo da, 23:00an, Urtzi Iriondoren agindupean. Koruak, bandarekin, Rossini, Verdi, Txaikovski, Ituarte, Vangelis eta Laboaren lanetan oinarritutako programa bat interpretatuko du. Amaitzeko, bandak Elmer Bernsteinek sortutako jazz musika-aukera bat interpretatuko du, bakarrik.


Uztailaren 21ean, Orfeoiak urteko nazioarteko kontzerturik garrantzitsuena izango du. Juanjo Mena BBC Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titularraren eskutik, Royal Albert Hall aretoan arituko da lehen aldiz, Beethovenek sortutako opera bakarra, interpretatzeko Proms kontzertu entzutetsuetan. Solistak Stuart Skelton, Ricarda Merbeth, Brindley Sherratt, Louise Alder, Benjamin Hulett, Detlef Roth eta David Soar izango dira.


Beethovenen Bederatzigarrena uztaileko laugarren kontzertu-programan ere egongo da. Kontzertu uztailaren 28an egingo da Kursaal aretoan Santa Cecilia Orkestra Klasikoarekin, Sainz Alfaroren agindupean. Solistak Carmen Solís (sopranoa), Ainhoa Zubillaga (mezzosopranoa), Miguel Borrallo (tenorra) eta Borja Quiza (baritono baxua) izango dira.