Larunbata honetan, Orfeoi Gazteak eta Asturiasko Printzesa Fundazioaren Abesbatza Gazteak kontzertu bat emango dute Donostiako udaletxeko Bilkura Aretoan. Iaz abiarazitako truke-harremanaren ondoriozko bigarren topaketa izango da; lehenean, azaroaren 18an, Oviedoko San Isidoro El Real elizan bildu ziren.

Datorren larunbatean, hilak 24, izango da kontzertua, 19:30ean, eta hiru zati izango ditu programak: lehen zatian, Orfeoi Gazteak sei abesti interpretatuko ditu (euskal abestiak eta nazioarteko pop abestiak); bigarren zatian, abesbatza gonbidatuak Asturiasko bi abesti herrikoi eta sei garaikide interpretatuko ditu; amaitzeko, bi abesbatzak batera arituko dira Andre van der Merweren Ukuthula eta Javi Bustoren Nerea izango zen abestuz. 

Kontzertuko sarrera irekia izango da leku guztiak bete arte. Bilkura Aretoko ateak 19:00etan irekiko dituzte.

Orfeoiak haur eta gazteen beste abesbatza batzuekin trukeak egiteko politikari esker, aurten, Orfeoi Txikia Bartzelonako Musikaren Jauregian izango da. Hain zuzen ere, martxoaren 3an, Ciclo Coral Orfeó Català zikloan parte hartuko du Kataluniako Orfeoiaren Haur Abesbatzarekin eta Liceuko Kontserbatorioko Orkestrarekin. Antoni Ros-Marbàren El concert desconcertant interpretatuko dute, Manel Valdiviesoren zuzendaritzapean.

Apirilean, Orfeoi Gazteak beste truke bat egingo du Parisko Orkestraren Gazteen Abesbatzarekin bi kontzertu emateko. Apirilaren 8an, euskal gazteak Frantziako hiriburura joango dira, eta Saint Eustache elizan pieza erlijioso frantsesak eta euskaldunak interpretatuko dituzte, Thomas Ospital organistak lagunduta. Frantziar gazteak apirilaren 24an etorriko dira Donostiara beren errepertorioa interpretatzera, oraindik erabaki ez den agertoki batean.

2006an sortu zenetik, Orfeoi Gazteak trukeak egin ditu gazteen hainbat abesbatzarekin, eta guztiekin hainbat agertokitan aritu da kontzertuak ematen. Horietako batzuk izan dira Galiziako Orkestra Sinfonikoaren Gazte Abesbatza, Granollerseko Amics de la Unió Gazte Abesbatza, Pasaia Gazte Abesbatza eta Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gazte Abesbatza.

Bestalde, Orfeoi Txikia ere zenbait haur-abesbatzarekin aritu da elkarlanean. Aipatzekoak dira Pacific Boyschoir Academy, Les petits chanteurs de Saint Marc («Abesbatzako mutilak» izenez ezagunak), Asturiasko Printzesa Fundazioaren Haur Abesbatza, Japoniako Little Phoenix, Miyagi Sanjo eta Clair abesbatzak, Kataluniako Orfeoiaren Haur Abesbatza eta Madrilgo Padre Soler Haur Abesbatza.