Donostiako Orfeoiko emakumeek 1965. urtetik janzten dituzten Balenciagaren hogei tunika ikusgai daude New Yorkeko Metropolitan Arte Museoan (MET), Gorputz zerutarrak: moda eta irudimen katolikoa izeneko erakusketan. Maiatzaren 10ean inauguratu zen erakusketa, eta urriaren 8ra arte bisitatu ahalko da.

Gipuzkoako jostunak sortutako uniforme zuri eta soilekin batera, New Yorkeko Bosgarren Etorbideko eraikin nagusiko Erdi Aroko Arteko galerietan brodatutako beste ehun batzuk eta Kapera Sixtinoko sakristiako osagarri liturgikoak daude, horietako asko orain arte Vatikanotik sekula irten gabeak. Galeriako koruan tunika zuriekin jantzita dauden 21 manikiek argitasuna eta baretasuna ematen diote aretoari, gelako buru den aingeru-talde bat izango balira bezala.

Erakusketak modaren eta erlijioaren arteko harremana esploratzen du, katolizismoari dagokionez. Harreman hori konplexua eta, askotan, gatazkatsua izan da, baina modaren historiako sorkuntza burutsu eta dotoreenetariko batzuen sorburua ere bada. XX. mende hasieratik orain arteko sorkuntzen arteko giltzarriak erakutsita, diseinatzaileak erlijioan inspiratu diren modua aztertzen du erakusketak, eta barne hartzen ditu testu sakratuak, irudiak, objektuak, espazioak, pertsonak, erritualak eta, bereziki, janzkera. Ekoizpen eta kontsumo artistikoaren testuinguru zabalenaren barruan kokatzen ditu diseinuak, eta «kristautasun materialaren» historiografiarekin duen lotura eta «irudimen katolikoaren» pertzepzioa eraikitzeari eginiko ekarpena aztertzen ditu.
Cristóbal Balenciaga, katoliko sutsua, erakusketako funtsezko moda-diseinatzaileetako bat da.

Zuri garbi-garbiz

Cristóbal Balenciaga Donostiako Orfeoiaren historiari lotuta egon da 1945. urtetik. 1909. urtean abesbatza mistoa egin zenean, emakumezkoek ez zuten uniformerik; bakoitzak bere eredu propioa ekartzen zuen, eta kolore zuria zen uniformeek komunean zuten ezaugarri bakarra. 1945ean, Cristóbal Balenciagak Donostian zuen tailerrean josten lan egiten zuten Orfeoiko abeslariek patroi berezi bat lortu zuten diseinatzailearengandik, urte hartan Orfeoiak Portugalera egin zuen bidaiarako. Tamalez, lehen uniforme horren argazkiak besterik ez dira geratzen.

Eredu horren ordez, Balenciagak 1964. urtean diseinatutako eredu minimalistago bat jarri zen. Eta hori da Metropolitar Arte Museoan ikus daitekeena. Eskote puntaduneko begizta kendu eta eskote biribila jarri zion tunikari, eta gerriko zuria eta mahuka luzea mantendu zituen. Urte hartan, Cristóbal Balenciaga Orfeoiko ohorezko zuzendaritzako kide izendatu zuten, «emandako laguntza bikainagatik».

Uniforme haiek 2000. urtera arte erabili ziren, soineko berriak egin baitziren, oihala aldatuta; gainerakoan, Balenciagaren diseinu soila errespetatu zen. Orfeoiko emakumezko abeslariek, gaur egun, uniforme hori erabiltzen dute, bai eta aurreko urtean estreinatu zen Givenchyren diseinua ere.

Balenciaga arrosa eta Givenchy

2017. urtean estreinatu zen emakumezkoen uniformea Hubert de Givenchyk diseinatu zuen, Balenciagaren lagun, miresle eta Getariako jostunaren Fundazioaren presidente sortzailea. Goi-mailako joskintzako euskal maisuaren omenez egin zuen, era altruistan. Beltzaren zorroztasun dotorea Balenciagaren kolore gogokoenetako batekin konbinatzen da; alegia, modaren argotean «Balenciaga arrosa» izenez ezagutzen den kolorearekin.

Inperio-ebakera du, eskote puntaduna, gerria lasai uzten du eta lokarri arrosa batez lotzen da bularpean, begizta batean amaitzen dela; azken hori haren bildumen ezaugarri bat zen ia-ia. Soineko erosoa da, sofistikatua eta dotorea. Atentzioa ematen duen beste xehetasun bat ukondoa baino gorago amaitzen diren mahuka zabalak dira.