Orfeoiaren Antxon Ayestarán musika-lantegiak kemen handiz eta xede berri batekin ekingo dio ikasturte berriari: ikasleek musikaren superbotereak ezagut ditzatela, «soinuak jolasekin, abestiekin eta dantzekin nahastuta».

Aurtengo lantegiak bi jardunaldi irekirekin emango dio amaiera ikasturteari. Jardunaldi horietan, nahi duen orok aukera izango du Orfeoiaren egoitzara etortzeko eta gure metodologia ezagutzeko, baita ikasleek ikasturtean Orfeoian zer ikasten duten gertutik ezagutzeko ere. Jardunaldi horiek ekainaren 25ean eta 26an izango dira, 17:30etik 19:00etara. Etorriko diren bisitariak ikasgela batetik bestera igaroko dira, eta aukera izango dute ikusteko nola ikas daitekeen, era ludikoan, musikaz gozatzen. Ekimen horren bitartez, era praktikoan eman nahi da ikasturtean egiten den jardueraren berri, normalean, umeak ez baitira gauza etxean azaltzeko.

Matrikulak uztailaren 15era arte egin ahalko dira, bulego-ordutegian Orfeoiaren egoitzan (San Juan kalea 6).  

Lantegia 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta asmoa da, ikasleak hainbeste aspertzen dituen solfeoa ikasi ordez, era praktikoan ematea ezagutzera hotsen mundua. Musika era ludikoan ikasten duen haur batek, seguruenik, musika aintzat hartzeko sentsibilitate berezia izango du hazten denean.

Helburu horretarako erabiltzen den tresnak oso emaitza onak ematen ditu. «Instrumentarium Baschet» da, Baschet anaia frantsesek haurren hezkuntzarako sortu zituzten 14 soinu-egitura.

Gaur egun, mundu osoan dira ezagunak Baschet anaiak, bai arlo artistiko garaikidean, sonoritate berriekin loturiko ekarpenengatik, bai arlo zientifikoan, egin duten ikerketa-lan aitzindariagatik. 

Horrez gain, beren lanean sartzen dira diseinu eskultorikoa, mundu osoko hirietako arkitektura publikoan egindako ekintzak, haurrentzako musika-didaktika berria eta desgaitasunen bat duten pertsonei eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonei zuzendutako ekintza soziala. Baschet anaien teoria instrumentalek eta eskulturen eta instrumentuen arteko harremanak musikari garaikide asko inspiratu dituzte.

Lantegiko beste jarduera bat birziklapen-materialak erabiliz (plastikozko ontziak, metala, kartoia, banbua, etab.) soinua atera dezaketen tresnak egitean datza; irakasleek OSE (soinu-objektu ezezagunak) izena jarri diete objektu horiei.

Lau ikasturteren ondoren, haur horietako batzuk, lantegian ikasi dutenarekin pozik, Orfeoiko abeslari txikien taldean sartzen dira; 12 urterekin, Orfeoi Txikian sartzen dira; hortik, 14 urterekin, Orfeoi Gaztera igarotzen dira; eta 18 urterekin, Orfeoiaren parte izaten dira.  Trantsizio naturala da, etxeko estiloaz bustitzeko era bat.

Mari Tere Balerdi, Sabina Holzner, Carol López Landache eta Ana Salaberria dira lantegiaren arduradunak.