Donostiako Orfeoiak ongintzazko kontzertu bat eskainiko du datorren larunbatean, hilak 18, San Bizente elizan. Sarrera doan izango da eta gune batean dohaintzak egiteko eremu bat izango da, bertaratzen denak laguntzarik eman nahiko balu. Dohaintza hauek, osoki, oraingo honetan Donostiako Orfeoiak lagundu nahi duen fundazioarentzat izango dira: Baltistan Fundazioarentzat alegia.

Baltistan Fundazioa Euskal Herriko GKE bat da. 2001. urtetik ari da lanean Pakistango Karakoumgo mendikatean Hushe ibarraren baitan bizi diren erkidegoen garapen integral eta endogenoa indartu eta hobetze aldera. Fundazio honek ibarreko biztanleriaren garapen prozesuan laguntzen du, horretarako hezkuntza, emakumeen ahalduntzea, osasunaren hobekuntza eta ibarrean barrena jazo ohi diren hondamendi naturalen aurrean erresilientzia baliatuz.

Ekitaldi hau ez zatekeen aurrera aterako Deustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko ikasleen esku-hartzerik gabe, zeinak, lana erruz eginez eta berebiziko ilusioz, Baltistan Fundazioaren mesedetan ekintza franko burutu dituzten, berau ikusarazi eta beronen aldeko diru-bilketa aurrera eramanez.

Kontzertua arratsaldeko 20:30etan hasiko da. Egitaraua Haendel, Bach, Rossini, Jenkins, Busto, Madina, Mozart, Mendelssohn, Casals, Faure, Brahms eta Lloyd Weber-ek osatzen dute, haien erlijio-musikarik sonatuenarekin. Sainz Alfaro-k zuzendua izango da eta Gerardo Rifón organo- jotzaileak lagunduko dio organoan. Halaber, Karl Jenkins-en Ave Vérum lanean, solista bezala hartuko dute parte Orfeoiko Julia Blascok (sopranoa) eta Aroa Guerendainek (kontraltoa), eta, Lloyd Weber-en Pie Jesu-n, Ane Urrutikoetxeak (sopranoa) eta, berriz ere, Julia Blascok.

Osotara ordubeteko iraupena izango du kontzertuak.