Aurten, Orfeoiak ahots berriak bilatzeko abian jarritako kanpainak gazteengan jarriko du arreta. Proba espezifikoak egingo dira EHUren Gipuzkoako campusean, abesbatzarekin bat egin nahi duten lagunentzat asteazkenetan abesbatzaren egoitzan egin ohi diren probak alde batera utzi gabe. 

Edonork parte har dezake proba horietan, aski da 16 urte baino gehiago edukitzea, kantatzeko gogoa izatea eta aisialdiaren zati gehiena kantuari eskaintzeko prest egotea. Konpromiso horrek astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan iluntzeko zortzietatik gaueko hamarrak arte izaten diren asteko hiru entseguetara joatea dakar berekin. Ordain gisa, Orfeoiak doako trebakuntza ematen du, eta maisu onenen zuzendaritzapean, agertoki ospetsuetan eta orkestra famatuekin abesteko aukera. Beste hiri eta herrialde batzuk ezagutzeko aukera ere eskaintzen du eta, batez ere gazteenei, elkarrekin bizitzen ikasteko eta lagunak egiteko aukera.
 

Proba errazak

Proba horiek oso laburrak dira, eta gainditzeko, garrantzitsuena belarri musikal ona izatea da. Oro har, Orfeoiak berak gero prestakuntza ematen die izangaiei, teknika eskura dezaten.

Abesbatzak ehun urtetik gorako historia du, eta historia horren parte izan nahi dutenek 943 42 22 39 telefonora deituta jaso dezakete informazioa, edo Donostiako San Juan kaleko 6. zenbakira joan daitezke.

Ahotsen proba, EHUren Carlos Santa María liburutegian: astelehena, otsailaren 25a, 13:00etan.

Kanpaina honen barruan, martxoaren 13an, 19:00etan, Orfeoi Gazteak emanaldia eskainiko du Tabakaleran; gonbidatuta daude probak egin dituzten lagun guztiak, baina abesti bat prestatu beharko dute, gazteen abesbatzarekin kantatzeko.

Gaur egun, Orfeoiak 221 kantari ditu, eta haren kideak amateurrak direnez, opor-egun batzuk edo egun libreak erabili behar dituzte kontzertuetarako bidaiak egin ahal izateko. Horregatik, zenbaitetan, abesbatzak ezin izan ditu programa interesgarri batzuk onartu, hiritik kanpo luze egotea eskatzen zutelako.

Orfeoiak etorkizuneko 435 ahotsen harrobia ere badu: 154 ikasle Musika Lantegian, 36 abeslari txiki, Orfeoi Txikiko 74 kide, Orfeoi Gazteko 53 kide eta Orfeoiak babesten dituen eskola-abesbatzetako 118 kideak (2018ko abenduaren 31ko datuak). Kide berri horiek, halere, epe ertainera sartuko dira, eta Orfeoiak defizit horri epe laburragoan erantzun nahi dio.