Asteartea, Abuztua 1, 2017

Abuztuan, Orfeoiak 78. Musika Hamabostaldian parte hartuko du nazioarteko bi orkestrarekin, eta bakoitzarekin kontzertu bat emango du: BBCko Orkestra Filarmonikoarekin eta Luxenburgokoarekin. Santanderreko 66. Nazioarteko Jaialdian ere arituko da, Luxenburgoko Filarmonikoarekin, halaber.

Abuztuaren 4an, Mena maisuaren eskutik, Orfeoiak berriz abestuko du Fidelio, Beethovenen opera bakarra, kontzerturako bertsioan. Abesbatzak obra horrekin egin zuen debuta, iragan uztailaren 21ean, Londreseko Proms-etan. BBCko Orkestra Filarmonikoko musikariak eta Stuart Skelton, Ricarda Merbeth, James Creswell, Luise Alder, Benjamin Hulett, Detlef Roth eta David Soar bakarlariak berriz bilduko dira; oraingoan, Donostiako entzunaretoan.

Jean-Nicolas Bouilly-ren libretoa du; XVIII. mendean girotuta dago, eta Florestan-en istorio tragikoa kontatzen du: arrazoi ideologikoak direla medio bidegabeki espetxeratua izan eta, hainbat gorabehera igaro ostean, emazte Leonor-ek askatuko du.

Orfeoiak zazpi alditan interpretatu du lan hori, guztiak kontzerturako bertsioan: bi aldiz 1984ko Musika Hamabostaldian, EOSekin, eta Miguel Ángel Gómez Martínez zuzendari zela; 1989ko Santanderreko Jaialdian, Espainiako Orkestra Nazionalarekin, Lorin Maazel buruan zela; 2000n, Castell de Peralada Jaialdian, Gómez Martínezen batutapean; 2005ean, maisu berberarekin eta EOSekin, Musika Hamabostaldiaren barruan; 2009an, Sevillako Maestranza Antzokian, West Eastern Divan Orchestrarekin, Daniel Barenboim zuzendari zela, eta 2017an, Londreseko Royal Albert Hall aretoan, BBCren Orkestra Filarmonikoarekin eta Menaren zuzendaritzapean.

Hilaren 26an, Verdiren Requiem abestuko dute, Luxenburgoko Orkestrarekin, Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean. Hauek arituko dira bakarlari: Maria José Siri, (sopranoa), Daniela Barcellona (mezzosopranoa), Antonio Poli (tenorra) eta Riccardo Zanelatto (baxua). Valentziar maisua 2015etik da Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoko titularra, eta abesbatza haren esanetara jartzen den lehen aldia izango da; orkestra horrekin abesten duen lehen aldia ere bada.

Hala ere, oso ezaguna dute obra hori, 1940az geroztik baitago abesbatzaren errepertorioan, eta Orfeoikoek xehetasun osoz ezagutzen dute; izan ere, hainbat orkestrarekin interpretatu dute, eta Claudio Abbado, Michel Plasson, Lawrence Foster, Rafael Frühbeck de Burgos, Fabio Luisi, V. Sutej, Nézet-Séguin eta Víctor Pablo Pérez zuzendariekin, besteak beste. Gogoangarria izan zen Berlinen 2001ean eskainitako bertsioa, Claudio Abbado zuzendariaren eta Berlineko Orkestra Filarmonikoaren eskutik, Suediako Irratiko abesbatzarekin eta Eric Ericson ganbera-abesbatzarekin. EMIk kontzertu horren diskoa grabatu zuen, eta Grammy sarietarako izendatu zuten, Abesbatza Emanaldi Onena kategorian -izendapena kontzertuan parte hartu zuten beste bi abesbatzekin partekatu zuten-..

Hilaren 27an, abesbatzak, orkestrak, bakarlariek eta zuzendariak programa errepikatuko dute Santanderreko 66. Nazioarteko Jaialdian.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.