Alfonso Aijón sustatzailea eta Ibermúsicako sortzaileak eta Idoia Solores ikertzaileak Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria irabazi dute. Sariketaren hogeita laugarren edizioa da aurtengoa, eta bi helbururekin sortu zen: musika sorkuntzako ibilbide profesionala aitortzea eta musika arloko ikerketa sustatzea.
Ikertzaileak ‘Musika ikerketa sustatu eta indartzea’ kategorian jaso du saria, ‘La construcción estético-moral de la Pasión según San Mateo de J.S. Bach y su persistencia en el tiempo’ izeneko lanarengatik. Halaber, musika klasikoko kontzertuen sustapenean egindako lanarengatik eta izandako ibilbide nabarmenagatik jaso du saria Alfonso Aijón sustatzaileak.
Sari banaketa ostegunean egingo dute, maiatzaren 15an, 19:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Maria Barriola Zentroan, Donostian. Ekitaldi horretan parte hartuko dute Donostiako Orfeoiaren presidenteak, Antxon Elóseguik, eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Juana Goizuetak. Ekitaldia amaitzean, Donostiako Orfeoiko ordezkari batzuek erakustaldi labur bat egingo dute haien errepertorio tradizionaleko obrekin. Ekitaldia publiko orokorrari irekita egongo da, edukiera mugatuarekin.
Alfonso Aijonek 1970ean sortu zuen Ibermúsica, Espainian dagoen musika klasikoko enpresa pribaturik handiena. Artisten agentzia gisa hasi ondoren, Ibermúsica erreferentzia bihurtu zen Europan musika klasikoko kontzertuen sustapenean. Lehen aldiz New York Philharmonic, Chicago Symphony, London Symphony Orchestra edo Montrealgo Orchestre Symphonique bezalako orkestrak eraman zituen Espainiara. Era berean, Aijonek maisu handiak bere orkestra propioekin Espainiara lehen aldiz joatea lortu zuen: Yevgueni Mravinski, Claudio Abbado, Georg Solti, Leonard Bernstein, Riccardo Muti edo Pierre Boulez.
Idoia Solores Etxabe doktorea da (Cum Laude aipamena) doktore-tesiarekin: “La construcción estético-moral de la Pasión según san Mateo de J.S. Bach y su persistencia en el tiempo”, hemen saritua, "Filosofia, Zientzia eta Balioak" programaren barruan, Javier Aguirre Santosen (UPV/EHU) eta Luis Antonio González Marinen (CSIC) zuzendaritzapean.