Aurten ere Donostiako Orfeoiaren egoitzara itzuliko da (San Juan kalea, 6. Donostia) Kutxa Fundazioak Musikene, EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Donostiako Orfeoia eta Donostia Musikarekin batera sustatu eta antolatzen duen Ganbera Musikaren zikloa. Bederatzi kontzertuk osatzen dute zikloaren edizio berri hau, ostegunetan 19:00etan izango direnak. Sarrera librea da eserlekuak bete arte. Ganbera Musikaren ziklo berria otsailaren 16an, hasiko da Kemen hirukotearekin. Taldea Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskolako hiru ikaslek osatzen dute, Ricardo Sciammarella eta Benedicte Palkoren babespean: Rubén Fernández, biolina, Unai Sánchez biolontxeloa eta Javier Hombría pianoa. Donostian, Bilbon eta Leonen eman dituzte kontzertuak, eta 2023an Leongo Auditorioko Nazioarteko Maisuen Zikloaren parte dira. Kontzertu honen errepertorioa garai eta estilo oso ezberdinetako hiru lanek osatzen dute: Haydnen ekoizpen goiztiarreko trio klasiko bat, García Abril, Espainiako konpositore garaikide baten heldutasuneko obra bat, eta erromantizismoko trio garrantzitsuenetako bat, Mendelssohnena. Aukeraketa hori hain anitza izanik, obren hizkuntzen artean dauden ezberdintasunak eta beraien arteko antzekotasunak deskubrituz gozatuko dute entzuleek, izan ere, beren jatorria gorabehera, denak izendatzaile komun baten pean batuta daude: trioa pianoarekin. Otsailaren 23an, Dalias boskotea izango da zikloaren protagonista; martxoaren 9an, Trombonational Quartet; martxoaren 16an, perkusio-emanaldia izango da Markel Perez Etxarri, perkusioa, EGOren kidearen eskutik; eta martxoaren 30ean, kantu kontzertua Carolina Lukin eta Saioa Goñi, sopranoak, Jon Imanol Etxabe, baritonoa, eta Alaitz Artola pianoarekin. Apirilaren 27an EGO Eolo Hirukoteak parte hartuko du. Maiatzaren 11n, Hiruko (biolina, biolontxeloa eta pianoa) taldeak; 18an Katan laukotearen txanda izango da, eta zikloa 18an bukatuko da Gesänge hirukotearekin: Leticia Vergara, mezzosopranoa, Leticia del Monte, klarinetea, eta Vanessa Gardebien, pianoa. Informazio osoa eskuragarri: https://kutxa.eus/eu/agenda-eu.html