Arratsaldeko 6:30ean, Baigorriko Etxauzia jauregian eginen da Urmuga, Euskal Herria sartaldetik sortaldera zeharkatzen duen musika festibalaren barnean, eta Basaizeak eta Baigorriko Gaiteroek antolatuta, musika emanaldi handi bat. Eltzegor Taldearen Sasitik Sasira kantata estrainatuko da bertan: Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus Orkestra, Olaia Intziarte, Estitxu Pinatxo, Rafa Rueda, Jokin Pinatxo, Garikoitz Mendizabal, Bixente Martinez eta Baigorriko Gaiteroak ariko dira.

Emanaldirako sarrerak 20 eurotan dira salgai helduentzat eta 5 €tan 16 urtetik beherakoentzat. Kontzertua amaitu eta gero, Plaza Xokon, dantzaldia eskainiko du Ibildedi taldeak. Jatekoa eta edatekoa egonen da guzientzat. 

Urmuga musika Festibala uztailaren 12tik 30era ospatuko da. Mendiz mendi, Euskal Herri osoa zeharkatuko du 10 egunez, eta 14 emanaldi eskainiko ditu natur ingurune zoragarrietan. Horietako bat izanen da Baigorrikoa, 2020an eta 2021ean izan zen bezala. Migel Zeberio Urmugaren antolatzaileak adierazi duenez: “Ekimen herrikoia da Urmuga. Gure helburua Euskal Herri osoa jostea da, musikaren bidez eta mendiz mendi. Antolatzen ditugun emanaldien ezaugarriengatik, Europa osoan ez da antzeko musika jaialdirik: herriak antolatzen duelako, mendietan egiten delako, musikari bikainak batzen dituelako eta 19 egunez egiten delako. Bidean, lagun eta adiskide asko biltzen ditugu, herri oso bat mugimenduan jartzen dugu. Baigorrin, eskerrak eman nahi dizkiogu Basaizeari, Gaiteroei, eta kontzertuaren antolakuntzan inplikatzen diren pertsona guztiei.”