Orfeoi Gazteak, Orfeoi Donostiarraren Eskolari lotutako hainbat abesbatzarekin eta Francisco Escudero Kontserbatorioko Abesbatzarekin batera, datorren larunbatean, maiatzaren 30ean, 18:00etan, ikasturte amaierako kontzertua eskainiko du Euskadiko Orkestraren Auditorioan. Hitzorduan Escudero Big Bandek ere parte hartuko du, ahots gazteak, abesbatza-formazioa eta musika instrumentala uztartuko dituen topaketa berritzaile batean.
Kontzertuak ikasturtean zehar parte hartu duten taldeek egindako lana erakusteko aukera emango du, eta musikaren irakaskuntzak txikitatik duen garrantzia azpimarratuko du. Lehen zatian, abesbatzek Eva Ugalderen Tartalo interpretatuko dute, honako piezekin: Tartalo, Eraztun majikoa, Iheska eta Askatasuna. Atal honetan parte hartuko dute EKOIK taldeak, Alaitz Urkia eta Eva Ugalderen zuzendaritzapean; eta Orfeoi Donostiarraren Eskolako abesbatzek: Aldapeta Maria Ikastetxeko abesbatzak, Jon Larrauriren zuzendaritzapean; Jakintza Ikastolako abesbatzak, Berta Arrillagaren zuzendaritzapean; Orfeoi Donostiarraren Orfeoi Gazteak, Berta Arrillaga eta Jon Larrauriren zuzendaritzapean; eta San IgnacioEskolaniak, Arantza Etxaberen zuzendaritzapean. Atal honetako musika-zuzendaritza Eva Ugalderen esku egongo da, Igone Arteagabeitia eta Xabi Olaizola zuzendarikide direla, eta Olatz Egiburu pianoan.
Egitarauaren bigarren zatiko protagonista Escudero Big Band izango da, Iker Sánchez Silvaren zuzendaritzapean. Besteak beste, obra hauek interpretatuko dituzte: Louisiana Bebop (Les Hopper), Don’t You Worry ’Bout a Thing (Stevie Wonder, R. Holmesen moldaketarekin) eta Wrong Highway Blues (Frank Mantooth).
Kontzertuari amaiera emateko, Big Bandak eta abesbatzek batera jardungo dute, Iker Sanchez Silvaren zuzendaritzapean. Ondoko piezak interpretatuko dituzte: Satin Doll (Mercer, Ellington eta Strayhorn, Carubiaren moldaketarekin), Maitia non zira (Uruñuela, M. Blancoren moldaketarekin), Anaia Ramón (M. Blanco) eta Lau teilatu (Itoiz, M. Blancoren moldaketarekin). Bakarlaria Eider Elorza izango da.
ORONA Fundazioaren lankidetzari esker egindako kontzertua.









