Piano-jotzaile eta ikertzaileak José de Olaizola konpositore hernaniarraren pianorako obra argitaragabeari buruz egindako lanagatik jaso du saria, Eresbilen gordetako eskuizkribuetan oinarrituta.
Joan den ostiralean, azaroaren 13an, Donostiako Orfeoiaren egoitzan XI. Donostiako Orfeoia-Musikene Saria banatu zen. Aurten, Joseba Korta Pacheco piano-jotzaile eta ikertzaileak jaso du saria, Edición crítica y propuesta de difusión de la obra para piano de José de Olaizola según los manuscritos de Eresbil izeneko lanagatik.
Sarituak José de Olaizola Hernanin jaiotako konpositore, organista eta pedagogoaren pianorako musika ikertu du. Olaizolaren ibilbidea Donostiako Orfeoiaren hastapenekin ere lotuta egon zen. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan gordetako eskuizkribuetatik abiatuta, Kortak bi edizio kritiko eta konposizio horiek zabaltzeko proposamen bat egin ditu, gure musika-ondarearen zati bat berreskuratzen eta ezagutarazten lagunduz.
Ekitaldian, Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak eta Antxon Elósegui Donostiako Orfeoiaren presidenteak eman zioten saria irabazleari.
Donostiako Orfeoia-Musikene Sariak hamaikagarren edizioa bete du aurten. Bi erakundeek 2014an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz sortu zen saria, musika-ikerketa sustatzeko eta ikertzaile gazteen lana aitortzeko helburuarekin.









