Orfeoiak zinemarekin lotutako programak dituzten bi kontzertutan esku hartuko du hilabete honetan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin arituko da bietan, eta José Miguel Pérez-Sierra maisuak zuzenduko ditu biak. Ángel Illarramendi konpositore zarauztarraren omenaldia izango da lehen kontzertua (hainbat filmetako musikaren egilea da), eta bigarrena klasikoa da jada Zinemaldiaren barruan. Bi emanaldien tartean, Orfeoiak Anastasio de Gracia saria jasoko du, Madrilen, AG-Fitel fundazioaren eskutik.

Zarauzko Aritzbatalde kiroldegia, hilaren 15ean (ostirala), 22:00etan, auditorium bihurtuko da Gipuzkoako udalerriak bertako seme Ángel Illarramendi konpositoreari eskainiko dion omenaldia egiteko. Haren hiru lan interpretatuko dituzte. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, José Miguel Pérez-Sierraren zuzendaritzapean, udalak berak agindutako Zarautz poema sinfonikoa interpretatuko du. Horren ostean, Klarinete, piano, biola eta orkestrarako kontzertuaren estreinaldia izango da. Obra horrek hiru mugimendu ditu, eta tinbre ezberdineko hiru instrumentu solistatarako da. Hiru instrumentu horiek nahita hautatu dira «orkestrarekin jolas bizi eta dinamikoa» sortu ahal izateko, Illarramendiren beraren hitzak erabilita. Charo emazteari eskaini dio lan hori, hark animatu baitzuen obra konposatzera. Amaitzeko, Zazpigarren sinfonia estreinatuko da, orkestrak, Zarauzko Abesbatzak eta Donostiako Orfeoiak interpretatuta. Illarramendiren lan espiritualena da agian; heriotza presente badago ere, itxaropena helarazten du. Lan hori konposatzean «guztia argi bihurtzen zitzaidan; badakit patu ona dugula zain», azaldu du konpositoreak berak.

Zinemarekin zerikusia duen bigarren hitzordu musikala hilaren 23an izango da (larunbata), 12:00etan, Anoetako belodromoan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren barruan. Aurreko urteetan bezala, kirol-esparru hori zinema-areto bihurtuko da: pantaila erraldoi bat eta 3.000 ikuslerentzako besaulkiak ezarriko dituzte. Hautatutako hainbat filmen irudiak emango dituzte pantaila horretan eta, aldi berean, haien soinu-banden zatiak interpretatuko dituzte orkestrak eta abesbatzak.
Hautatutako sei film espainiar eta soinu-bandetatik, haietako biri jarriko die ahotsa Orfeoiak: Los Borgia (Antonio Hernánez, 2006) eta Ángel Illarramendiren musika, eta O Apóstolo (Fernando Cortizo, 2012), X. Font konpositorearen musikarekin. Gainontzeko lau soinu-bandak orkestrak bakarrik interpretatuko ditu: Mi gran noche (Álex de la Iglesia, 2015), J. Valent; El laberinto del fauno (Guillermo del Toro, 2006), J. Navarrete; Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategi, 2017), J. Senperena, eta Bienvenido mr. Marxhall (García Berlanga, 1953), J. García Leoz.

Bi emanaldien artean Orfeoiak Anastasio de Gracia saria jasoko du, AG-Fitel fundazioaren eskutik. Ekitaldia hilaren 18an izango da, 18:00etan, ONCE fundazioaren Duques de Pastrana guneko auditoriumean, Madrilgo Paseo de la Habana kalean. AG-Fitel sarien bitartez, pertsonek eta erakundeek honako arlo hauetan egindako lana zein hartutako konpromisoa aitortzen dute: gizartearen aurrerapena; giza eskubideen, eta gizarteko eta laneko eskubideen errespetua; enpresa-kudeaketa; arte-sorkuntza; zientzia, teknologia, kultura eta kirola. Aurtengo ekitaldian honako hauek ere sarituko dituzte: Gemma Mengual eta Lidia Valentín kirolariak; Ara Malikian biolinista; ACNUR-UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoa, eta Catherine Samba-Panza Afrika Erdiko Errepublikako trantsizioko presidente ohia.