Orfeoiak Le Cercle de l’Harmonierekin batera jardungo du, Jérémie Rhorerren zuzendaritzapean, urriaren 11ean Pariseko Philharmonie aretoan eta hilaren 12an Toulouseko Halle aux Grains aretoan
Donostiako Orfeoia Frantziara joango da asteburu honetan Giuseppe Verdiren Requiem interpretatzeko. Errepertorio sinfoniko-koraleko obra handienetako bat da, eta Orfeoiak bi kontzertutan eskainiko du, Parisen eta Toulousen.
Lehenengo hitzordua urriaren 11ean, igandean, izango da, 20:00etan, Pariseko Philharmonie aretoan. Hurrengo egunean, urriaren 12an, astelehenean, 20:00etan, Orfeoiak obra bera interpretatuko du Toulouseko Halle aux Grains aretoan.
Bi kontzertuetan, Donostiako Orfeoiak Le Cercle de l’Harmonierekin partekatuko du agertokia, Jérémie Rhorerren zuzendaritzapean.
Bakarlariak Eleanor Lyons sopranoa, Agnieszka Rehlis mezzosopranoa, Andrei Danilov tenorra eta William Thomas baxua izango dira.
Bi kontzertu hauekin, Donostiako Orfeoia aurten bertan aritu den bi agertokietara itzuliko da. Joan den martxoaren 30ean, Orfeoiak Giuseppe Verdiren Rigoletto interpretatu zuen Parisen. Toulousen, berriz, otsailaren 7an aritu zen azkenekoz, Francis Poulencen Gloria eta Stabat Mater obrak interpretatuz, kasu honetan, Josep Pons maisuaren zuzendaritzapean.
Giuseppe Verdik konposatutako eta 1874an estreinatutako Requiem errepertorio koraleko partitura handienetako bat da. Bere intentsitate dramatikoak eta orkestra- eta ahots-idazkeraren dimentsioak funtsezko protagonismoa ematen diote abesbatzari, indar handiko uneak eta pasarte barnerakoiak uztartzen dituen obra honetan.
Pariseko eta Toulouseko emanaldiek, beraz, Donostiako Orfeoiak nazioartean duen presentzia indartzen dute, eta Frantziako bi musika-agertoki garrantzitsu horietara itzuliko da aurreko emanaldietatik hilabete gutxira.









