Urrian, Radio San Sebastian irratiaren Mendeurreneko Galan ere parte hartuko du Orfeoiak, eta Santikutz Abesbatzarekin batera kontzertua eskainiko du, Legazpiko Jasokundeko Andre Mariaren Parrokian.
Datorren ostiralean, urriak 10, 19:30ean, Donostiako Orfeoiak Bazkide eta Lagunentzako bere ohiko Kontzertua egingo du Kursaal auditorioan, , hitzordu oso berezia izaten dena, non abesbatza bere publikoarekin eta lagun dituen erakundeekin elkartzen den, etxean eta bere hirian. Kontzertu horretarako, ezinbestekoa izango da gonbidapena edukitzea.
Orfeoiak, José Antonio Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, Carl Orffen Carmina Burana pieza ezaguna abestuko du. Euskadiko Orkestrarekin, Orfeoi Gaztearekin, Donostiako Orfeoiaren eskola-abesbatzekin, eta Rocío Martínez (sopranoa), Aitor Garitano (kontratenorea) eta Enrique Sánchez-Ramos (baritonoa) bakarlariekin batera.
“Bazkide eta Lagunentzako Kontzertua zergatik abesten dugun gogorarazten digun hitzordua da: musika partekatzeko, gure komunitatearekiko harremanak estutzeko eta, gurekin batera, abesbatzaren historia hau eraiki dutenak omentzeko”, azaldu du Antxon Elosegi Donostiako Orfeoiko lehendakariak.
Gau-ekitaldi horretan, bere historiaren eta Gipuzkoako kultura-bizitzaren parte diren hiru erakunde omenduko ditu Orfeoiak. Alde batetik, Rafael Moneo arkitektoa, Kursaal jauregiaren sortzailea, hiriko arkitektura- eta kultura-ondareari egindako ekarpenagatik; bestetik, Radio San Sebastián (Cadena SER), mendeurrena ospatzen duen irratia, 1997az geroztik Orfeoiak bere ondoan izan duten “irrati laguna” izateagatik; eta Cementos Rezola enpresa, 175 urteko ibilbidea betetzen duena, ingurunearekin eta Orfeoiarekin berarekin izan duen konpromisoagatik; 1997az geroztik babesten du Orfeoia enpresa horrek “enpresa lagun” gisa eta, gainera, urteko kontzertu honen babeslea ere bada.
Kontzertuak, gainera, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren Aldeko Zero Ilara izango du. Kolaboratu nahi dutenek, esku-egitarauan agertzen den kontu-zenbakian egin ahal izango dute beraien ekarpen ekonomikoa, edo kontzertuaren irteeran jarriko den kutxan. “Laguntza oro da garrantzitsua”, gogoratzen du Orfeoiak, era horretan, bere konpromiso soziala indartuz.
Urriak Donostiako Orfeoiaren beste emanaldi batzuekin jarraituko du. Ostegunean, urriak 16, 19:30ean, abesbatzak Radio San Sebastián - Cadena SER irratiaren Mendeurreneko Galan parte hartuko du; Kursaal jauregian egingo da emanaldia, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Eta urriaren 25ean, larunbata, 20:00etan, kontzertua eskainiko du Legazpiko Jasokundeko Andre Mariaren Parrokian, María Ángeles Lasak Santikutz Abesbatzaren zuzendaritzan 30 urte betetzen dituela eta; Gerardo Rifón arituko da organoan eta Sainz Alfaro zuzendari.