Otilia Fidalgo Gonzálezek eta Mª Victoria Urruzola Esnaolak ex aequo eta Ángel Briz Lázcozek jaso dute XXII. Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria, bi xederekin sortu zena: musikaren munduan egindako ibilbidea aitortzea eta musikari buruzko ikerketa sustatzea.

Otilia Fidalgo Gonzálezek eta Mª Victoria Urruzola Esnaolak ex aequo saritu dituzte, musikari buruzko ikerketa sustatzeko eta bultzatzeko kategorian lan hauengatik, hurrenez hurren: ‘La música religiosa de Valentín Zubiaurre. Maestro de la Real capilla de Madrid (1875-1914)’ eta ‘Un programa de prevención del miedo escénico para niños/as de 8 a 12 años’. Halaber, Ángel Briz Lázcozek ere saria jaso du musikaren munduan egindako lanaren eta bere ibilbidearen aitortza gisa.

Sari banaketa apirilaren 21ean izango da, ostirala, 19:00etan, UPV/EHUko Ignacio María Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian, ekitaldi akademiko batean. Bertan izango dira Donostiako Orfeoiko presidente José María Echarri eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia. Ekitaldia eta gero, Donostiako Orfeoiak kontzertu laburra emango du, bere ohiko errepertorioko lanez osatua. Ekitaldia irekita egongo da bertaratu nahi duen edozeinentzat, eta edukiera mugatua izango du.

Otilia Fidalgo González Donostian jaio zen, eta hiriko Goi Mailako Kontserbatorioan jaso zuen prestakuntza musikala. Musikologian doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. «Espainiako eta Hispanoamerikako Musika» masterra egin zuen unibertsitate horretan eta jardunean dagoen biolinista da. Unibertsitate garaian, hainbat aintzatespen jaso zituen, hala nola UCMren Musikologia Sailarekin lankidetzan aritzeko beka, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emana, edo Ikerketarako Doktoratu Aurreko Beka (UCM).

Hainbat I+G proiektutan parte hartu du, besteak beste Madrilgo Erkidegoko MadMusic Espacios, género y públicos de la música en Madrid, siglo XVIII-XX nabarmentzen da. Egun, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta EBk finantzatutako DeepMusic (Musika Ondarearen Ekosistemaren Digitalizazioa) ikerketa proiektuari atxikita dago. Era berean, murgilduta dago Espainiako Musikologia Elkartearentzat (SEDEM) den lankidetzako argitaratze enkargu batean.  Musikaren Kudeaketako eta Espazio Eszenikoen Kudeaketa Integraleko aditua da. Esparru horren barruan, Ondare Nazionalaren 2022ko musika denboraldia kudeatzen lagundu du, Ekitaldi Ofizialen eta Kulturalen arloko Zuzendaritzak koordinatuta.

Saritua izan den ikerketak Valentín María de Zubiaurre bizkaitar konpositore eta Madrilgo Errege Kaperako maisuaren irudia balioetsi nahi du. Azterketak musikariaren profil biografikoa, testuinguru historiko eta soziala, garaiko pentsamendu musikala edo kaperaren barne funtzionamendua ardatz egituratzaile gisa hartzen dituzten hainbat alderditan sakontzen du. Halaber, haren erlijio obra adierazgarrienak berreskuratzen eta aztertzen ditu, gutxi ezagutzen den edo ezagutzen ez den musika corpus bat ikusarazteko asmotan. Obra horiek aztertzeari eta garaiko ingurune musikal eta sozialarekin erlazionatzeari esker, konpositoreak bere bizitzan zehar jaso zituen eraginen –bere konposizioetan islatuta geratu ziren– panoramika bat daukagu. Hori dela eta, konpositorearen musika egiteko estilora hurbiltzeko aukera izan dugu, erlijio musikaren esparruan. Lana amaitzeko, erlijio musikaren corpus horren guztiaren katalogo osatua dugu. Lan hori egiteke zegoen eta beharrezkoa zen. Horrek guztiak euskal musikologiaren esparruan oraindik ere geratzen den hutsune historiografikoetako bat estaltzea du helburu.

Maria Victoria Urruzola Esnaola lau urterekin hasi zen musikan. Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan ikasketak amaitu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bat jaso zuen eta Frantziara joan zen. Hiru urtez, hobekuntza ikasketak egin zituen Parisen. Bertan, kalifikazio altuenak lortu zituen. Musika klasikoko bakarlari gisa, nazio mailako eta nazioarteko lehiaketa ospetsuetan saritua izan da. Hainbat talde instrumentaletan ere aritu da, eta hainbat disko grabatu ditu. 2012. urteaz geroztik, unibertsitateko irakaslea da. Gaur egun, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egiten du lan, Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Sailaren barruan.

Bere azterketaren helburua –Elena Bernaras eta Joana Jaureguizar doktoreek zuzendua– esku hartze psikoedukatiboko taldeko programa bat diseinatu, ezarri eta ebaluatzea izan da, musikako ikasketa arautuak (Oinarrizko Mailako Irakaskuntza) egiten ari diren haurrek beldur eszenikoa izan dezaten prebenitzeko. Ikerketa Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kontserbatorio profesionaletan egin da –Francisco Escudero (Donostia), Juan Crisostomo de Arriaga (Bilbo) eta Jesús Guridi (Gasteiz)– eta 21 instrumentu espezialitatetako 203 ikaslek hartu dute parte, 8-12 urte bitartekoak. Programaren ebaluazioa honako aldagai hauen bidez egin da: antsietate eszenikoaren egoera-ezaugarria, autokonfiantza, autoeraginkortasuna, autoestimua, ebaluazio negatiboari beldur izatea eta perfekzionismoa. Emaitzen arabera, programa ezarri ostean, ikasleek autokonfiantza handiagoa izan zuten (estatistikoki), eta, sei hilabeteko jarraipena egin ostean, antsietate eta ebaluazio negatiboari zioten beldur mailek behera egiten jarraitu zuten, eta autokonfiantzak, autoeraginkortasunak eta autoestimuak gora, modu egonkorrean.

Ángel Briz Lázcozek (Irun, 1970) tronpa, kontrapuntua, fuga eta konposizio ikasketak egin zituen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. 1990eko hamarkadaren erdialdean (partitura editatuaren kalitatearen gaiak –ekintza musikalerako beharrezko eta ezinbesteko bitarteko gisa, barnean duen musikaren bai interpretazioan, bai kontserbazioan eta transmisioan– pizten zion interesak bultzatuta, edizio hori modu praktiko eta eraginkorrean egiteko teknika informatiko berriak zirela eta, lan handia hasi zen egiten erakunde garrantzitsuekin lankidetzan (Eresbil, Euskadiko Orkestra, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Tolosako Santa Maria Kapera-Arakil Fundazioa, Donostiako Orfeoia, Bilboko Koral Elkartea, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, etab.), eta gure lurraldeko konpositore ospetsuenek eginiko musika ondare interesgarria berreskuratu zuen artxiboetatik. Hala, José Maria Usandizagaren, Francisco de Madinaren, Beltrán Pagolaren, Andrés Isasiren, Pablo Sorozabalen, Eduardo eta Ignacio Mocoroaren, Felipe Gorritiren eta beste askoren lanak berreskuratu dira eta edizio musikal informatikoa eman zaie, kontzertuetan jotzeko helburuarekin, ia kasu guztietan gertatu den bezala. Aldi berean, eta bere jaioterriko musikaren artxiboaz arduratu zen urteetan, Irungo musikaren ondarea biltzeaz eta berreskuratzeaz arduratu zen, batez ere musikarik ezagunena eta jai girokoa, bai eta herriko konpositore adierazgarrienen obrak ere.

Tomás Aragüés Bernad musikagile, irakasle eta lagunarekin izan zuen lankidetza gailentzen da. Harekin aritu zen bere lana editatzen, hil zen arte. Nabarmentzekoa da, halaber, Iruñeko Katedraleko artxiboan egindako lana Aurelio Sagasetarekin batera, hots, bere kapera maisu izandakoarekin eta berriki erretiratu denarekin. Azken hori ere erreferentziazko pertsona izan da bere ibilbidean. Bertatik partitura ugari atera dira. Besteak beste, XVI. mendeko Michael Navarrus «Mendaur» polifonistaren Opera Omnia, Aurelioren obraren bilduma oparoa, eta, bereziki, ICSk (Nafarroako Unibertsitatea) eta Reichenberger argitaletxeak, Kabildoarekin eta Musika Kaperarekin lankidetzan, artxiboko funtsekin argitaratzen dituzten Chantria bildumaren hiru liburukiak. Azken liburukian Mozarten Requiem argitaratu da, artxibo horretan gordetzen den kopia esklusiboan. Bi maisuek ere (Tomás Araguések eta Aurelio Sagasetak) Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria jaso dute. Gaur egun, Tolosako Eduardo Mocoroa eta Gasteizko Luis Aramburu eskoletan irakasle lanetan dihardu.