Bihar, asteartea, azaroak 4, Donostiako Orfeoia Pariseko Philharmonie aretoan arituko da, Europako prestigio handieneko areto batean, abesbatzarentzako bereziki garrantzitsua izango den kontzertu batean. Jérémie Rhorer Frantziako kritikariek gehien aintzatetsi dituzten zuzendarietako baten zuzendaritzapean, errepertorio unibertsaleko bi obra bikain interpretatuko ditu abesbatzak: Alt-Rhapsodie, Johannes Brahms-ena, eta Requiem, Wolfgang Amadeus Mozart-ena, izen handiko Le Cercle de l’Harmonie orkestrarekin batera.
Donostiako Orfeoiak orkestra honekin Jérémie Rhorer-en zuzendaritzapean abesten duen hirugarren aldia da, eta Rhorer-ek Donostiako abesbatza zuzenduko duen laugarren aldia.
Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta nazioarteko hainbat solistak hartuko du parte: Axelle Fanyo sopranoak, Agnieszka Rehlis mezzosopranoak, Werner Güra tenoreak eta Guilhem Worms baxuak.
“Pariseko Philharmonie-n abesteak Orfeoiaren ibilbidea goraipatzen du, eta euskal abesbatzen bikaintasuna munduko agertoki enblematikoenetan partekatzen jarraitzeko aukera ematen digu”, adierazi du Antxon Elósegui Donostiako Orfeoiko lehendakariak.
Donostiako Orfeoiak hitzordu horretan parte hartuta, bere nazioarteko proiekzioa sendotuko du, eta Europako orkestra eta zuzendari garrantzitsuekin duen lotura indartu. 1897an sortu zen taldea; Europako auditorio prestigiotsuenetako batzuetan aritu da, eta kontzertu-agenda betea du, proiektu sinfonikoak eta koralak gizarte- eta hezkuntza-ekimenekin konbinatzen dituena.









