Donostiako Orfeoiak irailaren 19an parte hartuko du Euskadiko Orkestrak Anoetako Belodromoan eskainiko duen zinema-musikako kontzertuan, Donostia Zinemaldiaren programazioaren barruan.

Juan José Ocón izango da Euskadiko Orkestraren zuzendaria, Txomin Maidagan arduratuko da abesbatzaren prestaketaz eta Andoni Martínez Barañano tenorrak Luis Marianoren errepertorioarekin lotutako obrei ahotsa jarriko die. Orfeoiak programako lau obratan parte hartuko du: Winnipeg, Evolution, El cantor de México eta El amor es como un ramo de violetas.

Hitzordu honek Orfeoiaren itzulera ekarriko du 2015ean, 2016an eta 2017an parte hartu zuen proiektu batera. Beraz, Euskadiko Orkestrarekin batera Belodromoan parte hartzen duen laugarren aldia izango da.

Gaur goizean Tabakaleran egindako prentsaurrekoan, Donostiako Orfeoiko presidente Antxon Elóseguik nabarmendu du ilusio handia egiten diela ia hamar urte geroago Belodromoa bezalako agertoki batera itzultzeak, baita musika sinfoniko-korala publiko zabal bati hurbiltzeko aukerak ere, zinemarekin eta kulturarekin hain lotuta dagoen testuinguru batean.

Kontzertuak zuzeneko musika eta Belodromoko pantaila handian proiektatuko diren zinema-irudiak uztartuko ditu, istorioak kontatzeko eta emozioak sortzeko gaitasun handia duten bi lengoaien, musikaren eta zinemaren, arteko elkarrizketa indartuz.

Doako sarrerak

Kontzertua irailaren 19an, larunbatean, izango da, 18:00etan, Anoetako Belodromoan.

Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da. Gonbidapenak irailaren 12tik 18ra eskuratu ahal izango dira Donostia Zinemaldiak Kursaalen duen informazio-gunean eta Donostia Turismoaren bulegoan (Ijentea, 1), 09:00etatik 20:00etara.

Sarrerarik geratzen bada, kontzertuaren egunean bertan azken gonbidapenak eskuratu ahal izango dira Belodromoko leihatilan, 10:00etatik aurrera.