Abuztuaren 17an, Orfeoiak amaiera emango dio Music in the Alps nazioarteko jaialdiari, Austriako Innsbruck hirian. Bertan, Carmina Burana interpretatuko du, jaialdiko orkestrarekin eta Kenneth Kiesler zuzendariarekin. Solista gisa arituko dira Haley Clark sopranoa, Justin Berkowitz tenorra eta Nigel Smith baritonoa. Kontzertua Congress Innsbruck kongresu-zentroko Tirol Aretoan eskainiko da, 1.500 pertsonarentzako lekuarekin.

Jaialdi gazte hau 2013an sortu zen Austriako Alpeen bihotzean udako musika-programa bat eskaintzeko, eta asko hazi da bost urte hauetan.Gaur egun bi alderdi ditu, artistikoa eta irakaskuntzakoa, kontzertuez gain instrumentuen eta ahotsaren inguruko eskola magistralak eskaintzen baitizkie mundu guztiko ikasleei.

Aurtengo edizioan Sainz Alfaro maisuak kantu-ikasleentzako master class bat emango du, eta abeslari horiek Orfeoiarekin elkartuko dira hilaren 17an Kenneth Kieslerrek zuzenduta Carmina Burana interpretatzeko. 

Kenneth Kiesler maisua (New York, 1953), zuzendari-lanetan aritzeaz gain, nazioarteko zuzendarien irakasle eta babeslea ere bada.

Orkestra ugari zuzendu ditu, hala nola bizi arteko ohorezko zuzendari izendatu zuen Illinoiseko Sinfonikoa. Bertan sortu zuen Illinoiseko Ganbera Orkestra eta Abesbatza. Beste orkestra batzuk ere zuzendu ditu: Chicago, Washington, Detroit, Indianapolis, Utah, New Jersey, Florida eta San Diegoko orkestra sinfonikoak (AEB); Osakako Filarmonikoa (Japonia), Pusangoa (Korea) eta Hang Zhoukoa (Txina), Asian; Queenslandeko Orkestra Sinfonikoa (Australia) eta Txileko eta Parisko Ganbera Orkestrak, besteak beste.

Kiesler Grammy Sarietako hautagai izan zen 2014an Darius Milhaud konpositore frantsesaren «Eskiloren Orestiada» CD hirukoitzaren grabaketagatik. Orkestra-zuzendaritzako American Prize saria irabazi zuen 2011n, eta AEBko estatuetako zein maila nazionaleko sari ugari eskuratu ditu.

1995etik, Michiganeko Unibertsitateko Musika, Antzerki eta Dantza Eskolan egin du lan. 2012 eta 2016 artean orkestra-zuzendarien programako zuzendari izan zen Kanadako Arteen Zentro Nazionalean. Eskola magistral ugari eman ditu, halaber, New Yorken, Houstonen, Chicagon, Los Angelesen, Parisen, Moskun, Leipzigen, Berlinen, Londresen, Mexikon eta Sao Paulon.

Abuztuaren 17ko kontzertuaren lehen zatian jaialdiko orkestrak bakarrik joko ditu Brahmsen Jaialdi Akademikoaren Obertura eta Mozarten Bi pianorentzako kontzertua, Irena Portenko eta Svetlana Gorokhovitx piano-jotzaileekin. Bigarren zatian Orffen Carmina Burana interpretatuko dute orkestrak, Orfeoiak eta bakarlari taldeak.