Miramar Jauregiak EHUren Uda Ikastaroen barruan ospatutako sariaren hogeita bosgarren edizioko ekitaldia hartu zuen

Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) pasa den ostiralean ospatu zuten Donostiako Miramar Jauregian Donostiako Orfeoia–EHU Sariaren XXV. edizioa. Duela mende laurdenetik, sari honek musikaren hezkuntzan, sorkuntzan eta sustapenean, musika koralean eta musikologian egiten den ikerketa bultzatu eta aitortzea du helburu. EHUren Uda Ikastaroen barruan egin den ekitaldia Antxon Elósegui Donostiako Orfeoiaren presidenteak eta Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak zuzendu zuten.

Aurtengo edizioan, musika-ikerketa sustatzeko kategorian, Nerea Erbiti Larralde ikertzailea saritu dute «La afinación neutra en el canto monódico vasco. Un análisis de las grabaciones a presos vascos en Alemania durante la Primera Guerra Mundial (1916-1917)» lanagatik. Euskal musika-ondarearen ezagutza ikuspegi historiko eta analitiko batetik sakontzen duen ikerketa da. Era berean, epaimahaiak Arturo Reverter musika kritikariaren eta Benito Lertxundi kantariaren ibilbidea aitortu du, musikaren garapenari, hedapenari eta ezagutzari egindako ekarpen jarraituagatik.

Sariaren hogeita bosgarren urteurrena dela eta, programak mahai-inguru berezi bat hartu du, sariaren bilakaerari eta urte hauetan izan duen eraginari buruz hausnartzeko. Jon Bagüések gidatutako solasaldian parte hartu dute José Luis de la Cuesta sariaren bultzatzaile eta epaimahaikideak, baita aurreko edizioetako saridunek ere: Eli Arabaolaza, Gotzon Ibarretxe eta María Victoria Urruzola. Guztiek nabarmendu dute ikerketak eta musikaren dibulgazioak kultura-ondarea zaindu, ulertu eta etorkizunera proiektatzeko duten garrantzia.