logo tve
Erabiltzailea:
Pasahitza:

Zure pasahitza ahaztu baduzu, hemen sakatu
 

1897. urtean sortu zenetik, Donostiako Orfeoiak ibilbide luzea izan du; horrez gain, Espainiako abesbatza talde garrantzitsuenetakotzat dute. Bere errepertorioan ehun bat obra sinfoniko/koral ditu, bai eta opera eta zarzuelako berrogeita hamar bat obra, eta folklore eta polifoniako obra ugari ere.

Orain dela mende bat baino gehiagotik abesbatza amateura da Donostiako Orfeoia, nahiz eta kideek dedikazio profesionala ematen dioten eta urtean batez beste 35-40 kontzertu ematen dituzten. 1986. urteaz geroztik, José Antonio Sainz Alfaro da zuzendaria. Bere aurretik Secundino Esnaola, Juan Gorostidi eta Antxon Ayestarán izan ziren.

Espainiako musika jaialdi garrantzitsuenetan hartzen du parte maiz: Santander, Peralada, Granada, Cuenca eta Musika Hamabostaldia, konparazio batera. Europako jaialdien artean, aipagarrienak ondokoak ditugu: Salzburgokoa (1999), Berliozen  La Damnation de Faust  La Fura dels Baus Kataluniako taldearen bertsioan kantatuz eta Philip Glassek konposatutako Sinfonia Korala 5. zenbakia Requiem, Bardo and Nirmanakaren estreinaldia abestuz; Montreux-eko Jaialdia (1999), Lyoneko Orkestrarekin bat, Rossiniren Stabat Mater kantatuz, Mark Monkowskiren zuzendaritzapean; Alemaniako jaialdiak ere aipatu behar dira, esaterako, Rhin (2002) eta Rhur-eko Hirurtekaria (2002 eta 2004) eta Lucernako Jaialdia (2003) Mahler-en 2. Sinfonia kantatuz, Orquesta del Festival-ekin eta Claudio Abbadorekin. Era berean, Mexikoko Morelia hiriko jaialdian ere parte hartu du (2003), baita Pariseko Saint-Denisekoan ere (2006). 2007an Simon Rattle-ren zuzendaritzapean eta Berlingo Filarmonikarekin batera, Mahleren 2.sinfoniarekin eman zion Kanarietako Jaialdiari amaiera.

Nazioartean nabarmenak dira Berlineko emanaldia bertako Filarmonikoarekin, Claudio Abbadok zuzenduta Silvesterkonzert kontzertuan (1997).  Verdiren heriotzaren mendeurrenean bere Requiema kantatu zuen (2001) bai eta Barenboim eta Berlineko Filarmonikoarekin Brucknerren Meza Fa minorrean ere (2001). 2004an abesbatzak Holandan bira bat egin zuen Hagako Egoitzako Orkestrarekin batera, orkestra horren mendeurrenean. 2006an Caracasera bidaiatu zuen abesbatzak (Venezuela) eta, bertan, Beethovenen Bederatzigarrena interpretatu zuen Claudio Abbadok zuzenduta, Venezuelako Gazte Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin batera. Urte horretan bertan, era berean, West Eastern Orkestraren nazioarteko biraren lehen hiru kontzertuetan ere parte hartu zuen Barenboim-ekin Sevillan, Madrilen eta Peraladan, oraingoan ere Beethovenen Bederatzigarrena interpretatuz.
Orfeoiak hainbat bakarlarirekin egin du lan; besteak beste, De los Angeles, Armstrong, Baker, Bastianini, Berganza, Bumbry, Burrows, Caballé, Carreras, Van Dam, Decker, Donath, Domingo, Gigli, Hager, Janowitch, Lorengar, Mandeal, Marshall, del Mónaco, Norman, Pavarotti, Procter, Schwarkopf, Tear, Varga edoVickers. Maisuen artetik aipatu behar ditugu Abbado, Argenta, Barenboim, Frühbeck, López Cobos, Maag, Makerras, Maazel, Markewich, Masur, Mehta, Muti, Ozawa, Rattle, Salonen, Stokovsky edota Víctor Pablo Pérez.

Orkestrei dagokienez, ondokoekin egin du lan: Berliner Philharmoniker Orchester, English Chamber Orchestra, Txekiako Filarmonikoa, Dresdeko Filarmonikoa, Royal Liverpool Philharmonic, Berlineko Rundfunk Sinfonie Orchester, Galiziako Sinfonikoa, Madrileko Sinfonikoa, Russian National Orchestra edo Milaneko Filarmonikoa.

Argitaratutako 130 grabaketetatik aipagarriak dira EMI-Francentzat egindakoak: Padmavati (Rousel), Requiem (Fauré), III. Sinfonia (Ropartz), L´Arlesiana (Bizet), Edipo (Enesco), Guercoeur (Magnard), Évocations (Roussel), Koronazio Meza (Mozart), Mors et Vita (Gounod), Rédemption (Franck), Requiem (Verdi) eta Carmina Burana (Orff) Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta Michel Plasson-ekin. 2003an, Verdiren Requiem Mezarekin EMIk argitaratutako CDa Grammy sarietarako izendatu zuten Abesbatza Emanaldi Onena kategorian. Obra bera DVD formatuan argitaratu zuten. Deutsche Grammophone zigiluarekin ondokoak nabarmentzen dira: Homenaje a Carmen, 1997an Berlinen grabatua Silvesterkonzert kontzertuan Abbado  zuzendariarekin eta Berlineko Filarmonikoarekin; Berliozen La damnation de Faust 1999an Salzburgon grabatua, eta Mahlerren Bigarrena Lucernako Jaialdian 2003an grabatua La Orquesta del Festival-ekin Claudio Abbadok zuzenduta. Auvidis-Ibéricarekin: Goyescas (Granados) eta La tabernera del puerto (Sorozábal).

 

 


 



Hurrengo Emanaldiak
Aurreko hilabetea Maiatza - 2008 Hurrengo hilabetea
AsAsAsOsOsLaIg
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031 
Urteko emanaldiak
Emaila:
Oharrak onartzen ditut
© Orfeón Donostiarra | Donostiako Orfeoia • Gomendatutako gutxieneko bereizmena 1024x768
Pribatutasun PolitikaLege OharraDiseinua: Infobide.com
 
Mapaweb castellano euskara english volver a portada