Orfeón Donostiarra - Donostiako Orfeoia - Logotipo

Jarrai gaitzazu

Orfeón Donostiarra - Foto Oficial - Palacio de Congresos Kursaal Donostiako Orfeoia Donostiako Orfeoia Donostiako Orfeoia Donostiako Orfeoia Donostiako Orfeoia Donostiako Orfeoia

Hemen zaude: Hasiera » Nortzuk gara » Historia

Historia

Donostiako Orfeoia sortu zuen taldea 1897an eratu zen Donostian. Hasiera-hasieratik, abesbatza amateurra izan da, eta kideak artearekiko eta harmoniarekiko maitasunak elkartzen ditu.

1896ko ekaineko egun batean, Abesbatza Elkarteko hogei kantarik, Luzuriagaren gidaritzapean, trena eta gero diligentzia hartu zuten Arrasatera heltzeko, bertan Euskal Jaiak ospatzen baitziren. Donostiako Orfeoiaren aitzineko taldea zen, Orfeoia bera 1897ko urtarrilaren 21ean sortu baitzen legez.

Donostiako Orfeoiaren talde fundatzailea

Kroniken arabera, hogei kantari saiatu haietatik sortu zen gaur egunera arte iraun duen ideia: "euskal kantak zaindu eta zabaltzea".

Luzuriaga eta Oñate izan ziren lehen zuzendariak. Hasierako bost urteetan zehar, Orfeoiak oso errepertorio laburra zuen: "Jota Navarra", Brull-ena, "El bello Danubio Azul", Strauss-ena, "Oh, Pepita", Muller-ena, eta "Boga, Boga" herrikoia, besteak beste.

Dena den, balantze artistikoa soil samarra bada ere, fundatzaileek antolamendu-lan izugarria egin zuten. Hogeiren bat kontzertu bakarrik eman ziren bosturteko horretan, laurogeita hamasei zuzendaritza-batzorde eta hogeita bederatzi biltzar egin ziren, alajaina.

Lehen urteak taldea antolatu eta abesbatzen eremuan tokia hartzeko erabili ziren; baina laster, irizpideak bateratu eta helburuak ezarrita zeuden.

Orfeoiak bere historia luzean lau aldi ezagutu ditu, zuzendariaren izaera eta nortasunaren arabera ongi bereizita; hona hemen zuzendariok: Secundino Esnaola, Juan Gorostidi, Antxon Ayestaran eta Jose Antonio Sainz Alfaro.

Secundino Esnaola (1902-1929)

Secundino Esnaola - Director del Orfeón de 1902 a 1929

Mende-hasieran, Donostiako Orfeoiak koru-lehiaketa ugaritan hartu zuen parte ezinbestean. Garai hartakoa da 1906ko Pariseko Grand Prix d'Honneur sariarekin koroatu zen sari-multzo eskerga.

1909an, Esnaola maisuak Donostiako Orfeoiaren etorkizunerako garrantzi handiko erabakia hartu zuen: emakumeak sartzea, eta ahots baxuko abesbatza ahots mistoko abesbatza bihurtzea. Horri esker, errepertorioa handitzea eta esparru sinfoniko-koralean sartzea lortu zen. Donostiarrek arreta handiarekin entzun zioten Orfeoiari "Bello Navío" lanaren interpretazioa, lehen aldiz sopranoaren zatia haurrek egin ordez "andereñoek" egin baitzuten. Arrakasta izugarri izan zen.

Esnaola maisuaren aldi honetan, ondorengo emanaldiak nabarmen daitezke: Donostiako Kasinoan Orkestra Sinfonikoarekin egindakoa, Arbos maisuaren zuzendaritzapean, eta Madrileko Teatro Lirico eta Teatro Real direlakoetan emandako kontzertuak. Aipagarria da, halaber, 1925ean Portugalen eskainitakoa: Blanch maisuak zuzendurik, Beethoven-en Bederatzigarren Sinfonia interpretatu zen, 1912an estreinatu zuenetik Donostiako Orfeoiak bere ehun urteetan gehien kantatu duen lanetako bat.

Juan Gorostidi (1929-1968)

Juan Gorostidi - Director del Orfeón de 1929 a 1968

Esnaolaren ondoren etorri zen Juan Gorotidi maisuari esker, abesbatzak nazioko eta atzerriko zuzendari handien eragina bereganatu zuen, eta Europako Nazioarteko jaialdirik nagusienetan hartu zuen parte. Gainera, errepertorioa ere izugarri handitu zen, eta zartzuelaren eta operaren munduan sartu.

Etenik gabeko hogeita hemeretzi urteetan zehar eskainitako emanaldi izugarri piloaren artean -Gorostidi bera zuzendari zutelarik "a capella" emandako kontzertuak eta kontzertu sinfoniko-koralak-, ondorengoak nabarmentzen dira:

  • Grand Messe des Morts, Hector Berlioz-ena, Bordeleko katedralean eta Charles Munch-en zuzendaritzapean (1951).
  • Kontzertu polifonikoa, Leopold Stokowsky-ren zuzendaritzapean Loiolako San Ignazioren Santutegian (1951).
  • Ein Deustches Requiem, Johannes Brahms-ena, Pariseko Théâtre des Champs-Elysées delakoan, Ataulfo Argenta-ren zuzendaritzapean (1957).
  • La Atlántida, Manuel de Falla-rena, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdian, Igor Markevitch-en zuzendaritzapean eta London Symphony Orchestra-rekin (1962).

Antxon Ayestarán (1968-1986)

Antxon Ayestarán - Director del Orfeón de 1968 a 1986

Juan Gorostidi hil ostean, Antxon Ayestaranek hartu zuen abesbatzaren zuzendaritzaren ardura, ordura arte bertako kantari ez ezik zuzendariorde izan zenak. Honek ere, bere aurrekoen lan handiari, eta maila artistikoa hobetzeko etengabeko ahaleginari eutsi zion. Ayestaranekin ugaritu egin ziren izugarri nazioarteko birak, eta beraz beste herrialde batzuetako jendearen eta kritikaren aitorpena lortu zuten.

Antxon Ayestaran karismadun gizona zen, musikarekiko grina eta hobetzeko gogoa kutsatzeko gai zen pertsona gogotsua. Zuzendari jardun zuen garaian, orfeoi-kideak berritzeak eta horiek prestatzeak arduratu zuen. Horren haritik, gaur egun bere izena duen musika-tailerra eta kantu-eskola jarri zituen abian. Hauxe zioen:

"Nahi nuke Donostiako Orfeoiak amateur-izaeraren suari eustea, betiere perfekzio artistikoaren, izpirituaren egarria aseko zuen uraren bilaketan jite profesionalari eutsiz". Perfekzionatzeko exijentzia erostezinarekin, edertasunarekiko grinaren sintesia bilatzen zuen, teknikaren eta artearen, materiaren eta izpirituaren arteko bategitea".

1986an tragikoki zendu zen, baina esan liteke bete egin direla Donostiako Orfeoiaren etorkizunerako zituen gurariak.

Donostiako Orfeoiak garai honetan egin zuen lan ikaragarrian ondorengoak azpimarra daitezke:

  • Carmina Burana, C. Orff-ena, Berlingo Areto Filarmonikoan, Burgoseko Rafael Frühbeck-en zuzendaritzapean eta Berlingo Orkestra Sinfonikoarekin (1973).
  • Requiem, G.Verdi-rena, Londongo Royal Festival Hall-ean, Burgoseko Rafael Frühbeck-en batutapean, Royal Philarmonic Orchestra-rekin (1980).
  • Bira Estatu Batuetan (Filadelfia eta Washington), Carmina Burana eta Verdiren Requiem lana interpretatuz (1980).
  • Parsifal, Richard Wagner-ena, Batzelonan, Franz Paul Decker-en zuzendaritzapean (1981).
  • Bira Israelen (Jerusalen, Haifa eta Tel Aviv), J. Haydn-en Sorkuntza interpretatuz Uri Segal-en zuzendaritzapean (1982).
  • Bira ESSBn (Erevan, Odessa, Riga, San Petersburgo eta Mosku), Vladimir Spivakov-en batutapean, A. Vivaldi-ren Gloria, J.S. Bach-en Meza Fan eta W.A. Mozart-en Koroatzearen Meza interpretatuz (1986).

Donostiako Orfeoiaren presentzia sendotu egin zen nazioarteko hainbat jaialditan: Donostian, Santanderren eta Granadan, baita Madrileko Teatro Real delakoan eta Bartzelonako Palau de Musican ere.

Donostiako Orfeoiaren diskografia ere handitu egin zen izugarri, grabazioak egin baitzituen, batez ere autore frantziarrenak, EMI - Pathé Marconi firmarekin.

MAPAWEB   |   PRIBATUTASUN POLITIKA   |   LEGE OHARRA
Diseinua infobide.com © Orfeón Donostiarra - Donostiako Orfeoia

Espainiaren kultura ministerioa Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila Donostiako Udala Eusko Legebiltzarra Gipuzkoa Batzar Nagusiak