Asteartea, Apirila 26, 2016

Orfeoiaren urteko lehendabiziko nazioarteko irteera Toulousera izango da. Bertan, Toulouseko Kapitolioaren Orkestra Nazionalaren Halle aux grains aretoan, abesbatzak eta orkestrak Berliozen Romeo eta Julieta interpretatuko dute elkarrekin hilaren 29an, Tugan Sokhiev maisuak zuzenduta, Julie Boulianne (mezzosopranoa), Loïc Felix (tenorra) eta Patrick Bolleire (baxua) solistekin. Kontzertu hori Radio Classique irrati-kateak emango du zuzenean.

Obra Shakespeareren tragedian oinarrituta dago, eta Berliozek «sinfonia dramatiko» gisa definitu zuen. Abesbatzak rol nabarmena izango du obraren interpretazioan. Parisen estreinatu zuten 1839ko azaroan, konposatzaileak berak zuzenduta. Harrezkero, musika erromantikoko erreferente ezinbestekotzat jotzen da. Abesbatzaren hitzaurre zabalduaren ondoren, hiru orkestra-mugimendu izango dira, eta piezak amaiera koral bikaina du.

Donostiako Orfeoiak 2010eko Musika Hamabostaldian estreinatu zuen, Mariinsky Antzokiko Sinfonikoarekin eta Valeri Gergiev zuzendariak gidatuta; harrezkero, ez du interpretatu.

Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala XIX. mendearen hasieran sortu zuten, Toulouseko Kapitolioko antzokiko operetan jotzeko. Donostiako Orfeoiarekin harreman artistiko luzea du; hain zuzen, Michel Plasson orkestraren zuzendari zen garaitik. Haren gidaritzapean kontzertu ugari eman zituen Orfeoiak, baita nazioartean arrakasta handiko diskoak grabatu ere. Tugan Sokhiev 2005ean haren kargu egin zenetik, bi musika-taldeen arteko harremanak jarraitu ez ezik estutu ere egin dira. Donostiako Orfeoiak Stravinsky, Borodin, Prokofiev, Mussorgsky, Rachmaninov eta tankerako konposatzaileen programak interpretatu ditu; Sokhiev zuzendariaren beraren hitzetan, abesbatzaren ezaugarriak bikain egokitzen dira soinu ahaltsua eta aberatsa eskatzen duten konposatzaileon lanetara. Baina Berlioz, Verdi edota Beethoven ere interpretatu dituzte elkarrekin. Guztira 24 kontzertu. Azkena, Parisko Philharmonie areto berriaren estreinaldian, 2015ean, Berliozen Requiemarekin.

Aurten,  maiatzaren 31an, Kursaal Eszena programazioaren barne,  orkestra, koroa eta zuzendaria elkarrekin izango ditugu berriro Berliozen Requiema eskaintzeko; ekainaren 2an, Oviodoko Principe Felipe Auditorioan lan bera joko dute; uztailaren 16an, berriz,  Orangeko Théatre Antiquen Verdiren Requiema, eta abenduaren 15 eta 16an, Toulousen   Brahmsen Requiem Alemaniarra abesteari egingo diote.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.