Ostirala, Urria 28, 2016

Azaroan, Orfeoiak bi kontzertu antolatu ditu Donostian eta beste bat Madrilen, hiruak Sainz Alfaroren gidaritzapean.

Hilaren 5ean, abesbatza eta Tecalitlán-eko Vargas Mariachia elkarrekin egongo dira Kursaalen Euskal Herriko eta Mexikoko kantu herrikoien bilduma bat eskaintzen. Esperimentu berritzaile honek ikusmira handia sortu du hirian, eta horren ondorioz sarrera guztiak saldu dira ikuskizunerako hamabost egun falta direnean. Donostia Kulturak antolatu duen ekimena Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak programaren parte da, eta Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiaren laguntza jaso du.

Orfeoia eta Vargas Mariachia ia momentu berean sortu ziren, 1897an. Lanaldi partzialeko musikarien tokiko talde bat zen hasieran, baina musika-talde mexikarrak bilakaera handia izan du eta gaur egun gauza da orkestra sinfonikoekin batera ikuskizunak eskaintzeko eta nazioarteko birak antolatzeko.

Urtero berritzen dute errepertorioa, eta beren kontzertuetan denetarik eskaintzen dute: musika klasikoa, rancherak, abesti tradizionalak eta pop musika. Gaur egun, Vargas Mariachiko bosgarren belaunaldia, beren burua «Munduko Mariachirik Onena» bezala definitzen dutenak, taldearen 120. urteurrena ospatzen ari dira, Donostiatik ere pasako den nazioarteko bira batean. Euskadin jotzen duten aurreneko aldia izango da. Kursaaleko kontzertua ETBk filmatuko du, oraindik erabaki ez den data batean telebistan emateko.

Aurten, Orfeoiaren bazkide eta lagunentzako kontzertua hilaren 18an izango da Kursaalen. Prokofieven Ivan Izugarria izan da bilkura berezi horretako ikusleei eskaintzeko hautatutako obra. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Abesbatzaren eta Orfeoi Txikiko gaztetxoen laguntzarekin, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak eta Eneko San Sebastián baritonoak abestuko dute solista moduan. Obrak Ivan Izugarria tsarraren bizitza gorabeheratsua kontatzen du. Konspirazioz, hilketaz eta borrokaz beteriko kontakizun horretarako narratzaile bat behar da, eta oraingo honetan Iñaki Gabilondo kazetariak egingo du lan hori.

Aurreko egunean, entsegu orokor irekia eskainiko zaie Orfeoiaren ohorezko lagun diren BM supermerkatuen gonbidatuei.

Hileko hirugarren kontzertua Madrilgo Auditorium Nazionalean eskainiko da, Gaztedi Musikalen Zikloaren barnean. Andrés Segovia ganbera-orkestrarekin batera, Orfeoiak Carl Orffen Carmina Burana interpretatuko du lehen zatian, eta kantu herrikoien hautaketa bat bigarrenean. Carmina Burana obrarentzako solista-taldea osatzen dute Paloma Friedhoff sopranoak, Xabier Anduaga tenorrak eta César San Martín baritonoak.

Lana zaila da katalogatzen; izan ere, hainbat antzerki generoren ezaugarriak, poetikoaren eta pikareskoaren kontrastea duten oratorio uneak eta dinamismo aparta ditu. Obra horrekin, abesbatzak mugak zeharkatu ditu eta arrakasta handia lortu du hainbat zuzendari, orkestra eta solistarekin, Abesbatzaren historian oraindik ere garrantzi handia dauka 1964. urtean Luzernako jaialdian (Suitza) aurkeztutako bertsioak. Rafael Frühbeck de Burgosek Carl Orffekin berarekin landu zuen partitura, eta horrek bere oniritzia eman zion, emankizunera ikusle arrunt bat izango balitz bezala joanez. 1973an, beste bertsio gogoangarri bat abestu zuen Orfeoiak, Berlingo Filarmonikarekin batera, azken hauen egoitzan, orduan ere Frühbecken zuzendaritzapean. Nabarmentzekoa da, halaber, 1998an Alemaniako hainbat hiritan egindako bira (Karlsruhe, Kolonia, Düsseldorf, Hannover, Wilhemshaven eta Hanburgo). Aldi hartan ere obra bera interpretatu zuten, Galiziako Sinfonikoarekin eta Víctor Pablorekin batera. Azken aldiz aurreko urrian interpretatu zen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldiari hasiera emateko, Jun Märklen zuzendaritzapean.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.