Asteazkena, Otsaila 15, 2017
  • Sariak martxoaren 10ean banatuko dira, ostiralean, 19:00etan, UPV/EHUko Ignacio Maria Barriola Ikastegiko entzunaretoan

Juanjo Mena zuzendariari eta Mario Lerena Gutierrez ikertzaileari eman diete aurtengo XVI. Donostiako Orfeoia – UPV/EHU Saria, musikaren sorkuntzan izandako lan ibilbidea nabarmentzeko eta musikaren inguruko ikerkuntza sustatzeko.

Epaimahaiak, Orfeoiak eta UPV/EHUk elkarrekin izenpetutako hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak osatuak, Juanjo Menari eman dio ohorezko saria, musikaren munduan egin duen lanagatik eta ibilbide nabarmenagatik, eta musika ikerketaren saria, berriz, Mario Lerenari eman dio, “La música teatral de Pablo Sorozabal Mariezcurrena (1897-1988): Ensayo de análisis” lanagatik.

Sariak martxoaren 10ean banatuko dira, 19:00etan, UPV/EHUko Ignacio Maria Barriola Ikastegiko entzunaretoan, Donostian, eta banaketa ekitaldian izango dira Donostiako Orfeoiko presidente José María Echarri eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia. Ekitaldia bukatzean, Donostiako Orfeoiak bere errepertorio tradizionaleko lanak joko ditu emanaldi ireki batean.

Juanjo Mena (Vitoria-Gasteiz, 1965) musika klasikoaren nazioarteko zirkuituan ospe handiena duten zuzendari espainiarretako bat da. Gaur egun, BBC Philharmonic orkestraren zuzendari titularra da, eta Bergen Filharmoniske Orkester orkestrako zuzendari gonbidatu eta Genovako Carlo Felice Teatroko zuzendari gonbidatu nagusi izandakoa da aurretik. Nazioarteko orkestrak zuzentzen hasi baino lehen, Euskal Herrian ibili zen lanean. 1997an, Eusko Jaurlaritzak EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra osatzeko lana agindu zion, eta, geroago, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari elkartu izan zen. 1999 eta 2008 artean, Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistiko eta nagusia izan zen. Iaz, Musikako Sari Nazionala lortu zuen, interpretazioaren modalitatean.

Mario Lerena Gutierrez Musikaren Historian eta Zientzietan lizentziaduna da, pianoko eta ganbera musikako goi mailako irakaslea, piano jotzailea eta musikologoa. Horrez gain, UPV/EHUren doktoregoko sari berezia jaso zuen.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.