Ostirala, Abendua 2, 2016

Donostiako Orfeoiak, Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta Tugan Sokhiev zuzendariarekin batera, hiru kontzertu emango ditu urtea ixteko. Abesbatzak, orkestrak eta bi bakarlarik (Claudia Barainsky sopranoa eta Garry Magee baritonoa), Brahmsen Requiem aleman bat interpretatuko dute Tolosako (Frantzia) Halle aux Grainsen, abenduaren 15ean eta 16an, eta Donostiako Kursaaleko auditoriumean, abenduaren 19an. Azken kontzertu hori Europako Kultur Hiriburutzaren bukaera ospatzeko antolatutako ekintzen programazioaren parte izango da.

Brahmsen requiema kantataren eta oratorioaren hibridotzat jotzen da, eta zati koralean lan zorrotzenetako eta zailenetako bat da, baina, aldi berean, koruari eta bakarlariei kolore eta ñabardura ugari eskaintzeko aukera asko ematen dizkie. Jainkoari eginiko aipamen urriak direla eta –zuzenean behintzat– “requiem ateoa” deitu izan diote, Brahmsen helburua ez baitzen izan kutsu liturgikoko requiem bat konposatzea. Zazpi zatitan banaturiko obra honetan, testua Lutherrek eginiko Bibliaren itzulpen alemanetik dago hartuta, eta ez latinetik, ohikoa zen bezala.

Obra Orfeoiaren errepertorioan dago 1913tik, eta ordutik, honako zuzendari hauen gidaritzapean interpretatu du: Lorin Maazel, Frühbeck de Burgos, López Cobos, Ataúlfo Argenta, Víctor Pablo Pérez, Michel Plasson, Fernández Arbós eta Ramón Usandizaga, besteak beste, eta honako orkestra hauekin: Berlingo eta Londreseko Orkestra Sinfonikoak, Hanburgoko irratiko orkestra, Galiziakoa, Espainiako Orkestra Nazionala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, eta Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin berarekin ere.

Donostiako orfeoiaren orkestra laguna

Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak (ONCT)–gaur egun, 125 musikarik osatzen dute– eta Orfeoiak kontzertu gogoangarriak eskaini dituzte, eta nazioarteko arrakasta lortu duten disko batzuk grabatu dituzte elkarrekin: Padmavati, Rousselen bi ekitaldiko opera-balleta, bi albumetan grabatua (1983). Lan horrek Frantziako Diskoaren Akademiaren Sari Nagusia eta XXXVII. Grand Prix International du Disque de l’Academie Charles Cros sariaren «In Honorem» saria jaso zituen; Fauréren Requiema (1985); Ropartzen Symphonie no 3 (1985); Bizeten L’Arlésienne (1985); Magnarden Guercoeur (1986); Rousselen Évocations (1986); Gounoden Mors et Vita (1992); Francken Rédemption (1994); Orffen Carmina Burana (1994); Verdiren Requiema (1997) eta Durufléren Requiema (2000), Urrezko Diapasoia saria.

Orkestraren eta Orfeoiaren arteko harremanak 1973an du jatorria. Orkestrak, aldi hartan, ez zuen «National» izena, eta Michel Plasson zen zuzendaria. 1985ean, Orfeoiak Frantziako Tolosako Hiriaren domina jaso zuen, eta, hurrengo urtean, koruak erabaki zuen Ohorezko Bazkide izendatzea Plasson maisua eta Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala, «horrenbeste aberastu gaituen eta hainbeste gozarazi gaituen ibilbide artistikoarengatik, bere ekarpen baliotsua eta adiskidetsua eskertzeko».

Tugan Sokhiev da gaur egun orkestraren zuzendari musikala. Berarekin, 2006ean hasi zen lankidetza artistikoa, eta ordutik ez du etenik izan. Alde horretatik, koruak maisu errusiarraren bilakaera bizi izan du, etorkizun oparoko gazte gisa aurkezten zenetik zuzendari ospetsu bihurtu zen arte. Zuzendariak, berriz, Orfeoiaren alderdi hauek baloratzen ditu: «soinua, musikaltasuna eta espiritua», noizbait adierazi duen eran. Eta koruak maisuaren «inplikazioa, gogoa eta obrei buruz duen ikuspegia transmititzeko gaitasuna» nabarmentzen ditu.

Sokhievek –ez du ezkutatzen hezkuntza eta garapen artistiko errusiarrak jaso dituela– lagun izan du Orfeoia bere herrialdeko musikagileen kontzertu ugari interpretatzeko (adibidez, Stravinski, Borodine, Prokofiev edo Rachmaninov), zeren uste du Orfeoiaren ezaugarriak bikain egokitzen direla errepertorio horretara. Hau ere adierazi du: «Orfeoiaren soinua indartsua, boteretsua eta aberatsa da, eta, niretzat, artistikoki, plazera da soinu hori sortzea». Nolanahi ere, koruak, bere agindupean, besteak beste, Berlioz, Mahler, Beethoven edo Verdiren obrak interpretatu ditu, bai eta Brahmsenak ere, kasu honetan bezala.

Tugan Sokhiev, musika-zuzendaria

2008tik hona, Tugan Sokhiev da ONCTen musika-zuzendaria, hiru urtean zuzendari gonbidatua eta aholkularia izan ondoren. Halaber, Moskuko Bolshoi Teatroaren musika-zuzendaria da 2014az geroztik.

Zuzendari gonbidatu gisa aritu da hauekin guztiekin: Espainiako Orkestra Nazionala, Arturo Toscanini Fundazioa, Errusiako Orkestra Filarmoniko Nazionala, NHK Symphony, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa, Turingo RAI, Municheko Bayerische Staatsoper Orkestra, Frankfurt Radio Symphony, Sydneyko Orkestra Sinfonikoa, Osloko Orkestra Filarmonikoa, Royal Concertgebouw, Municheko Orkestra Filarmonikoa, Frantzia Irratiko Orkestra Filarmonikoa eta Frantziako Orkestra Nazionala. Théâtre des Champs-Elysées antzokian ONCTekin eskaini zuen emanaldian, «Révélation Musicale de l'année» izendatu zuen Kritikari Frantsesen Batasunak 2005ean. 2014an, Kritikaren Sindikatuak «Musikari entzutetsu» izendatu zuen kategoria instrumentalean. 2013an, «Chevalier dans l’Ordre National du Mérite» intsignia jaso zuen.

Garry Magee, baritonoa

Garry Magee baritono britainiarrak sarritan abesten du TKONekin batera. Paper nagusien protagonista izan da obra hauetan: Eugene Onegin, Don Giovanni, Sevillako bizargina, Pelleas eta Melisande, Le nozze di Figaro, Così fan tutte eta Faust. Kontzertu-artista gisa, emanaldi hauek nabarmentzen dira: Waltonen Belshazzar’s Feast Vladimir Ashkenazy zuzendaritzapean; Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia Paavo Järvirekin; Mahlerren Des Knaben Wunderhorn Edward Gardnerrekin, Rachmaninoven Spring Cantata Tugan Sokhieven gidaritzapean, eta Liverpoolgo Royal Philharmonic Orchestrarekin, Vasily Petrenkoren zuzendaritzapean.

Bere konpromiso berrienetan, paper hauek egin ditu: Fernando (Betrothal in a Monastery) Parisen; Fernando jauna (Fidelio) Nikolaus Harnoncourt-ekin Vienan, eta Ulises (Ulisesen itzulera), Vienako Theater an der Wien antzokian. Mageek disko-etxe nagusientzat grabatu du: Chandos, Naxos, Virgin/Emi eta Opus Arte.

Claudia Barainsky, sopranoa

Claudia Barainski soprano alemaniarra bere espezialitateko artista polifazetikoenen artean dago, bere errepertorioan sartzen baitira hala Soldaten Marie nola Reimannen Medea, Pamina edo Zerbinetta barne.  Ohiz kanpoko harikortasuna du ahots-baliabideak erabiltzen.

Berlingo Arteen Unibertsitatean ikasi zuen kantua, Ingrid Figur, Dietrich Fischer-Dieskau eta Aribert Reimann irakasleekin. 1994an egin zuen debuta, Saxoniako Estatuko Operan, eta, ondoren, nazioarteko karrera etorri zen, opera hauetan emanaldiak eskaini baititu: Amsterdam, Avignon, Brusela, Dresden, Hanburgo, Leipzig, Kolonia, Munich, Stturgart eta Tokio. Halaber, nazioarteko jaialdi hauetan parte hartu du: Bayreuth, Salzburgo, Lincoln Center Festival eta Ruhrtriennale.

Bere errepertorio zabalean, garai guztietako obrak daude. Kontzertu-ariak, oratorio eta orkestrarako lieder handiekin batera, bere errepertorioak musikagile garaikideek berari eskainitako obrak hartzen ditu.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.