Osteguna, Uztaila 30, 2015

Orfeoiak Musika Hamabostaldian hiru kontzertuekin eta Santander Jaialdian kontzertu batekin parte hartuko du. Musika Hamabostaldian egin beharreko hiru emanaldietako lehena abuztuaren 18an izango da: Prokofiev musikariaren Alexander Nevsky, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoarekin eta Yuri Temirkanov maisuarekin, 1882an sortutako orkestraren titularrarekin, alegia (Errusiako orkestra sinfonikorik zaharrena da, beraz). Oso eroso sentitzen dira abesbatzako kideak lan horrekin, 1983tik interpretatu baitute. Eisenstein zinemagilearen aginduz konposatu zuen Sergei Prokofievek haren lehen soinudun filmerako, baina ezin izan zuten distira osoz entzun zinema-aretoetan. Gai abertzalea zuenez, Stalinek filma atzeratu zuen Alemania naziarekin elkarri ez erasotzeko hitzarmena sinatu ondoren, baina, gerrak hasteko itxura guztia zuenean, berehala proiektatzeko agindu zuen atzera. Musika hori gerora kantata epiko modura berregiteak filmak eman ezin izan ez zion ospea eman zion nazioartean.

Orfeoia, San Petersburgoko Filarmonika eta horren zuzendaria batera aritu ziren 2012ko Musika Hamabostaldian Prokofieven Ivan Izugarria lanean.

Errusiako orkestra-zuzendaritzaren pertsona garrantzitsuenetako bat da Yuri Temirkanov. San Petersburgoko Filarmonikaren zuzendari titularraren kargua (1988tik bete du) baliteke bere herrialdeko musika-bizitzaren gutiziatuena izatea.

Ekaterina Gubanovak parte hartuko du mezzosoprano bezela.

Hamabostaldian egin beharreko bigarren emanaldia abuztuaren 25ean izango da Rossiniren Stabat Materlanarekin, Cada-quéseko Orkestrarekin eta Alberto Zeddaren zuzendaritzapean. Rossiniren lanen aditu handienetako bat da aipatutako zuzendaria. Bakarlariak: María José Moreno (sopranoa), Marianna Pizzolato (mezzosopranoa), Celso Albelo (tenorra) eta Nicola Alaimo (baritonoa). Programa bera interpretatuko dute biharamunean Santanderreko jaialdian.

Rossiniren Stabat Mater lana 1907tik dago Orfeoiaren errepertorioan, Esnaolaren garaitik alegia, eta urte horietan 26 aldiz interpretatu du zuzendari eta orkestra ezberdinekin eta agertoki ezberdinetan. Orain arte, Milango Alberto Zedda maisuak ez du Orfeoia inoiz zuzendu. 86 urte ditu Zeddak baina Rossinirekiko pasioa agertzen du oraindik ere; hain zuzen, konpositore horri eskaini dio zuzendari eta musikologo gisa garatutako karreraren zati handiena 1950eko hamarkadaren erdialdean Milango Scala antzokian Sevillako Bizargina lanarekin debut egin zuenetik.

Cadaquéseko orkestrarekin, aldiz, 2006ko Hamabostaldian abestu zuen Orfeoiak Mozarten Requiema. Kataluniako talde hori 1988an sortu zuten Espainiako eta Europako beste herrialde batzuetako musikari gazte talde bat oinarri hartuta. Besteak beste, Sir Neville Marriner, Gennady Rozhdestvensky edo Philippe Entremont zuzendariek babestu zuten proiektua eta gonbidatu nagusi bihurtu ziren, eta hala ere egin zuten Alicia de Larrochak, Victoria de los Ángelesek, Teresa Berganzak, Paco de Lucíak edo Ainhoa Artetak, beste batzuen artean. Hainbat grabazio ditu eta umeentzako musika klasikoari buruzko bilduma bat sortu du: «Solfa la Redonda».

Abuztuaren 28an, Hamabostaldira itzuliko da abesbatza Brahms konpositorearen Requiem alemana lana interpretatzeko Koloniako WDRko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Jukka-Pekka Sarasterenzuzendaritzapean eta bakarlariak Sibylla Rubens (sopranoa) eta Tareq Nazmi (baritonoa) izango dira.

Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa ere esaten dioten talde hori 1947an sortu zuten, eta ospetsua da XX. mendeko musika interpretatzeagatik. Europako irratiko orkestra nagusietako bat da, eta T. Koopman, C. Hogwood eta R. Goebel zuzendariak, besteak beste, ohiko laguntzaile izaten ditu. Jukka-Pekka Saraste da zuzendari titularra 2010-2011ko sasoitik. Maisu finlandiar horrek jada zuzendu zuen Orfeoia 2011n Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin batera Beethovenen Bederatzigarrena interpretatu zuenean.

Jukka-Pekka Saraste Finlandiako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren titularra izan da 1987tik 2001era arte, eta gainera, Torontoko Orkestra Sinfonikoaren musika-zuzendaria eta BBCko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia ere izan da. 2006ko abuztutik Osloko Filarmonikaren musika-zuzendaria da. Tammisaari jaialdia sortu zuen Finlandiako Ganberako Orkestrarentzat. Horrez gain, Lahtiko Orkestra Sinfonikoaren musika-aholkularia ere bada, Finlandian hori ere.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.