2018an, Orfeoiak nazioarteko lau irteera izango ditu, 120. urteurrenaren ospakizuna biribilduko du, Estatuko lau musika-ziklotan hartuko du parte eta presentzia handia izango du etxean. Gaur arte, Orfeoiak 40 kontzertu inguru ditu lotuta.

Nazioarteko lau irtera

1.- Rotterdam eta Bruselako bira

Aurten mendeurrena ospatzen duen Rotterdamgo Filarmonikarekin. Hiru kontzertu emango dituzte Europako bi hiri horietan, martxoaren 23tik 25era, programa komun batekin: Mahlerren 8. sinfonia interpretatuko dute, orkestrako titular Yannick Nézet-Séguinen zuzendaritzapean. Herbehereetako Groot Omroepkoor eta Rotterdam Symphony Chorus abesbatzek eta Nationaal Kinderkoor haurren abesbatzak parte hartuko dute; izan ere, «Milakoen sinfonia» ezizena duen obra hori interpretatzeko, instrumentista eta koralista asko behar da.

Bakarlariak honako hauek izango dira: Angela Meade (sopranoa), Erin Wall (sopranoa), Erin Morley (sopranoa), Sarah Connolly (mezzosopranoa), Mihoko Fujimura (mezzosopranoa), Michael Schade (tenorra), Markus Werba (baritonoa) eta Christof Fischesser (baxua).

Rotterdamgo De Doelen zentroan egingo dira martxoaren 23ko eta 25eko kontzertuak (sarrerak dagoeneko agortu dira).

Eraikina 1934an eraiki zen; 1940an, Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketen ondorioz suntsitu zen, eta 1966an, berriz eraiki zuten. Gaur egun, kontzertu-areto bat eta biltzar-zentro bat ditu.

Martxoaren 24ko kontzertua Bruselako Bozar zentroko Henry le Boeuf aretoan egingo da (2.100 lagunentzako tokia du). Martxoaren 25eko kontzertua AVROTROS irratian emango dute.

Ez da ohikoa Zortzigarren sinfonia musika zirkuituetan programatzea, agertokian musika-tresna eta ahots baliabide ugari behar baititu. Badago obrari «Milakoen sinfonia» deitzeko arrazoirik, beraz. Sortzaileak adierazi zuen partitura hori bi SATB korurentzat (soprano, kontralto, tenore eta baxu esan nahi duen akronimoa. Koruak ahotsen konposizioaren arabera sailkatzeko erabiltzen da), haur-koru batentzat eta zortzi solistentzat (hiru soprano, bi kontralto, tenorea, baritonoa eta baxua) egina dagoela.

Sinfonia hori Orfeoiaren historiarekin lotuta dago, Espainian estreinatzeko zortea izan baitzuen, Iruñeko Orfeoiarekin, Donostiako Mariaren Bihotza eta Aita Erredentziotarren eskolaniekin, eta Guadixko katedraleko Haur Kantariekin batera. Estreinaldia 1970ean izan zen, Granadako XIX. Jaialdian, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean, Espainiako Orkestra Nazionalarekin. Horren ostean, Orfeoiak beste hamaika aldiz interpretatu du obra. Azkenekoa 2016an izan zen, Luzernako 78. Jaialdian, Luzernako Jaialdiko Orkestrarekin, Riccardo Chailly titularrarekin eta hiru korurekin batera: Bavariako Irratiko korua, Letoniako Irratiko korua eta Tölzeko haurren korua.2005eko Musika Hamabostaldian interpretatzeko ohorea ere izan zuen, Andra Mari koruarekin, Easo Eskolaniarekin eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Víctor Pabloren zuzendaritzapean. Sinfonia hori Donostian zuzenean entzun zen lehenengo aldia izan zen.

2.- Bi kontzertu Toulousen

Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta Tugan Sokhiev maisuarekin, ekainaren 8an eta 9an, Verdiren Requiem interpretatuko dute. Bakarlari gisa Erika Grimaldi sopranoa, Anna Kiknadze mezzosopranoa, Saimir Pirgu tenorea eta Vitalij Kowalijow baxua ariko dira.

3.- Carcassonneko Jaialdian parte hartzea

Orkestra berarekin, uztailaren 5ean eta Michele Gamba maisuaren batutapean, Carl Orffen Carmina Burana interpretatuko da

Jaialdi gazte hau, hamar edizio eskasekin, erreferente kultural bilakatu da Frantziako hegoaldean. Uztailero 120 ikuskizun antolatzen dira, horietatik, 80 guztiz doakoak, eta 200.000 ikusletik gora biltzen ditu. Opera, antzerkia, dantza, musika klasikoa, musika frantsesa eta nazioartekoa eta musika modernoa dira uda garaiko hitzordu honen osagaiak. Kultur-aniztasunaren eredu paregabea.

Orfeoiaren emanaldietako eszenatokia Erdi Aroko hirigunean kokatutako Jean Deschamps Antzokia izango da, Gizadiaren Ondare dena eta hiru mila lagunentzako tokia duena.

4.- Munichen

Municheko Filarmonikarekin eta Municheko Filarmonikako abesbatzen eta Tölz haur-koruaren laguntzarekin, urriaren 13an, Orfeoiak, berriz ere, Mahlerren Zortzigarrena interpretatuko du, oraingo honetan Valery Gergiev maisuaren batutapean eta ezohiko eszenatoki batean: Municheko aireportuko hangar bat.   

Ospakizun atzeratua

Irailean, Orfeoiaren 120. urteurrena eta Errege Antzokiaren 200.a ospatzeko bi kontzertuak egin ahalko dira, izan ere, zuzendariaren osasun-arazoen ondorioz atzeratu behar izan ziren. Prokofieven Ivan Izugarria obra mantentzen da, Errege Antzokiko orkestra titularrarekin (Madrilgo Orkestra Sinfonikoa), Iñaki Gabilondo narratzailearekin, Ainhoa Zubillaga eta Eneko San Sebastián bakarlariekin eta Orfeoi Txikiko haurren ahotsekin. Kursaalean irailaren 8an izango da eta Errege Antzokian, aldiz, 26an.

Aire errusiar aberkoiz betetako kantata bikaina Sergei Eisensteinek Errusiako tsarrari buruz egin zuen zinema-trilogiarako konposatu zuen Prokofievek. Kantatak zati gogorrak ditu, tesituragatik eta testura, estilo eta dinamikaren kontrasteengatik. Hala ere, Orfeoiko ahotsek zailtasun horiei aurre egin diete kantata osorik interpretatu duten bederatzi aldietan, besteak beste, Txekiako Orkestra Sinfonikoarekin, Sofiako Opera Nazionalekoarekin, San Petersburgoko Filarmonikarekin eta EOSarekin batera.

Errege Antzokiaren eta Orfeoiaren historiak oso lotuta egon dira 1916tik, abesbatzak urte hartan eman baitzuen lehenengo kontzertua antzoki historiko horretan. Ordutik, 123 emanaldi egin ditu, tartean, kontzertu sinfoniko-koralak hainbat orkestrarekin, opera abestua eta antzeztua edo, lotura artistikoaren lehen urteetan, euskal kanta herrikoien programak.

Orfeoiak Errege Antzokiaren lehen berrirekitzean parte hartu zuen. Ondoren, Aste Santuan –1977ra arte–, Bachen San Mateoren Pasioa interpretatzen zuen Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta bertako titularra zen Frühbeck de Burgosekin. Urtero hiru edo lau aldiz interpretatzen zuten, eta aretoa erabat betetzen zen. Hiru urtetan, 1968an, 1970ean eta 1972an, agerpen ugari egin zituen, urtean bederatzina kontzertu interpretatuta.

Opera-antzoki bezala bigarren aldiz berrireki zenean, 1991 eta 1997 artean jardunik gabe egon ondoren, Orfeoiak Fallaren Bizitza laburra interpretatu zuen. Sei aldiz abestu zen, eta, jakina, 2007an, berrirekitzearen hamargarren urteurrenean, berriz interpretatu zuten.

Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, 1903an sortua, Espainiako sinfoniko egonkor zaharrena da. 1904ko otsailaren 7an, Madrilgo Errege Antzokian aurkeztu zen, Alonso Cordelásen zuzendaritzapean, eta Espainiako lehen orkestra sinfoniko egonkorra izan zen. Enrique Fernández Arbósekin lankidetza emankorra hasi zuen 1905ean, eta hiru hamarkadaz iraun zuen; aldi horretan Richard Strauss eta Igor Stravinski maisu handiak ere aritu ziren zuzendari, besteak beste.

Arbós zendu ondoren, Espainiako hainbat zuzendari aritu ziren Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren (OSM) titular, hala nola Conrado del Campo, José María Franco, Enrique Jordá eta Vicente Spiteri.

OSM, 1997tik, Antzerki Lirikoaren Fundazioarekin egindako kontratu ugariren bitartez, Errege Antzokiko Orkestra titularra izango da 2026. urtera arte. Luis Antonio García Navarro (1999-2002) eta Jesús López Cobos (2002-2010) Orkestraren zuzendari izandakoak dira, eta gaur egun, Ivor Bolton da zuzendaria; Pablo Heras-Casado, aldiz, zuzendari gonbidatu nagusia da.

Lau Musika-Ziklotan

Aurten, Orfeoiak Madrilgo Ibermúsica eta A+Música ziklo klasikoetan hartuko du parte, baita Zaragozako Auditoriumeko Grandes Conciertos de Primavera eta Bartzelonako BCN Classics del Palau de la Música zikloetan ere.

Presentzia handia etxean

Etxeko eremuan, Musika Hamabostaldiarekin harremana mantentzen da, eta horri esker, aurten nazioarteko orkestra eta zuzendariekin bi kontzertu egingo dira; Euskadiko Sinfonikoaren denboraldiko bost kontzertuetan parte hartuko du Orfeoiak; Musikeneren orkestrarekin bi kontzertu interpretatuko ditu Donostian eta Bilbon; eta Opus Lírica, Donostia Musika eta Eusko Ikaskuntza erakundeentzat ere zenbait kontzertutan parte hartuko du Gipuzkoako hainbat eszenatokitan.