Hemen zaude: Hasiera » Prentsa » Curriculum Orfeoi Txiki
Hasierako ideiaren eta Antxon Ayestaránek emandako lehen bultzadaren ondoren, Orfeoi Txiki sortu zen, Donostiako Orfeoiaren jarraipena bermatzeko eta erakundean bertan abian jarritako Musika Tailerrean hasi zen lanari jarraipena emateko. Gaur egun, 122 neska-mutil dira bertako kideak.
Hasiera-hasieratik, 11 eta 14 urte arteko ehunka neska-mutilek ikasten dute bertako ikasgeletan astean bitan, eta musika-prestakuntza jasotzen dute, etorkizunean kantariak izateko. Haur-abesbatza hau Donostiako Orfeoiaren harrobi nagusia da.
Orfeoi Txikiko kideek hiriarekin zerikusia duten ekitaldietan parte hartzen dute: Donostiako Orfeoiarekin batera kantatzen dute San Sebastian eguneko mezan, urtarrilean, baita Salbean zein Andre Mariaren eguneko mezan ere, abuztuan, hiriko Koruko Andre Mariaren basilikan, hain zuzen ere.
Horrez gain, bakarkako kontzertuak edo Donostiako Orfeoiarekin eta beste abesbatza batzuekin batera egindako kontzertuak ere eskaintzen ditu. 1998. urteaz geroztik, UNICEFen aldeko ongintza-kontzertua eskaintzen du, “Haurrek haurrentzat egina”, eta, urtero, abenduaren 28an egiten da Donostiako Kursaaleko Auditorioan.
Eszenatoki handietarako jauzia 1998. urtean eman zuen, beste 37 haur-abesbatzarekin batera Anoetako Belodromoan Kantata 98 abestu zuenean. Bertan, hain zuzen ere, Tomás Aragüések Bernardo Atxagaren testuetan oinarrituta sortutako Jimmi Potxolo lana estreinatu zen. 1998. urtean ere, Donostiako Orfeoiarekin batera kantatu zuen Santanderko Musikaldian eta Donostiako Musika Hamabostaldian. Era berean, Israelgo Filarmonikarekin batera, Mahlerren Hirugarren sinfonia ere kantatu zuen Zubin Mehtaren zuzendaritzapean.
2005. urtean, bi kontzertu eskaini zituen Lourdesko Santutegian (Frantzian), eta, 2006an, bi ekitaldi egin zituen Madrilen, Carlos III Unibertsitateko “Padre Soler” Haur Kantuko Programarekin batera. 2007. urtean, Kursaaleko Auditorioan egindako kontzertuan parte hartu zuen Frantziako “Le Petits Chanteurs de St. Marc” haur-abesbatzarekin, hau da, "Los chicos del coro" filmeko soinu-bandaren jatorrizko abeslariekin. Urte horretan bertan, berriro ere Kursaaleko eszenatokira igo zen Donostiako Orfeoiarekin eta WDR Koloniako Irratiko Orkestra Sinfoniko eta Abesbatzarekin, Musika Hamabostaldiari amaiera eman zion Otello lanaren kontzertu-bertsioa eskaintzeko. Era berean, Carmina Burana ere kantatu zuen, Donostiako Orfeoiak Anoetako Belodromoan bere 110. urteurrena ospatu zuenean.
2008an Euskadiko Orkestra Sinfonikoak antolatzen duen Miramongo Matinéeak zikloan parte hartu zuen.
2009. urtean, José María Usandizagaren Las Golondrinas operaren kontzertu-bertsioa abestu zuen Musika Hamabostaldian, Rubén Gimenoren zuzendaritzapean eta Espainiako Orkestra Nazional eta Abesbatzarekin batera. 2009. urtearen amaieran, Orfeoi Txikik A. Boitoren Mefistofele lanaren sarrera eta epilogoa kantatu zituen Bilboko Euskalduna Jauregian, Donostiako Orfeoiarekin eta Ludvig Sinfonikarekin batera.
Gaur egun, Esteban Urzelai (aldi berean, Donostiako Orfeoiko zuzendariordea ere bada), Isabel Mantecón eta Leticia Vergara dira Orfeoi Txikiko zuzendariak.
MAPAWEB | PRIBATUTASUN POLITIKA | LEGE OHARRA
Diseinua infobide.com © Orfeón Donostiarra - Donostiako Orfeoia