Hemen zaude: Hasiera » Prentsa » Curriculum Donostiako Orfeoia
1897. urtean sortu zenetik, Donostiako Orfeoiak ibilbide luzea izan du; horrez gain, Espainiako abesbatza talde garrantzitsuenetakotzat dute. Bere errepertorioan ehun bat obra sinfoniko/koral ditu, bai eta opera eta zarzuelako berrogeita hamar bat obra, eta folklore eta polifoniako obra ugari ere.
Orain dela mende bat baino gehiagotik abesbatza amateura da Donostiako Orfeoia, nahiz eta kideek dedikazio profesionala ematen dioten eta urtean batez beste 35-40 kontzertu ematen dituzten. 1987. urteaz geroztik, José Antonio Sainz Alfaro da zuzendaria. Bere aurretik Secundino Esnaola, Juan Gorostidi eta Antxon Ayestarán izan ziren.
Espainiako musika jaialdi garrantzitsuenetan hartzen du parte maiz: Santander, Peralada, Granada, Cuenca eta Musika Hamabostaldia, konparazio batera. Europako jaialdien artean, aipagarrienak ondokoak ditugu: Salzburgokoa (1999), Berliozen La Damnation de Faust La Fura dels Baus Kataluniako taldearen bertsioan kantatuz eta Philip Glassek konposatutako Sinfonia Korala 5. zenbakia Requiem, Bardo and Nirmanakaren estreinaldia abestuz; Montreux-eko Jaialdia (1999), Lyoneko Orkestrarekin bat, Rossiniren Stabat Mater kantatuz, Mark Monkowskiren zuzendaritzapean; Alemaniako jaialdiak ere aipatu behar dira, esaterako, Rhin (2002) eta Rhur-eko Hirurtekaria (2002 eta 2004) eta Lucernako Jaialdia (2003) Mahler-en 2. Sinfonia kantatuz, Orquesta del Festival-ekin eta Claudio Abbadorekin. Era berean, Mexikoko Morelia hiriko jaialdian ere parte hartu du (2003), baita Pariseko Saint-Denisekoan ere (2006).
Azken urteetako nazioarteko jardunaldietan Parisko Pleyel aretoan Tugan Sokhiev maisuaren zuzendaritzapean Tolosako (Frantzia) Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin emandakoa nabarmentzen da (2009). Urte horretan bertan Frankfurteko Alte Oper-en izan zen lehenengo aldiz Paavo Järvi maisuarekin eta Frankfurteko Hr Sinfonie Orchester-ekin.
2007an Vienako Musikverein-eko Areto Doratuan kontzertua eskaini zuen Vienako Sinfonikarekin. 2006an Caracasen (Venezuela) izan zen, eta Beethovenen Bederatzigarrena interpretatu zuen Claudio Abbadoren zuzendaritzapean eta Venezuelako Gazteen Sinfonikarekin batera eta lankidetza hasi zuen West Eastern Divan orkestrarekin.
2004an Holandan izan zen Orfeoia La Hagako Residencia orkestrarekin batera bere mendeurrenean, Barenboimek zuzentzen du orkestra hau eta 2006an nazioarteko birako lehenengo hiru kontzertu eta 2009an beste bat eman zituen. Verdiren heriotzako mendeurrenean parte hartu zuen italiar konposatzailearen Requiem lanarekin (2001) eta Barenboim eta Berlingo Filarmonikarekin Brucknerren Fa minorreko Meza interpretatu zuen (2001). 1997an Berlinen abestu zuen alemaniar hiriburuko Filarmonikarekin Claudio Abbadok zuzenduta Silvesterkonzert-en.
Orfeoiak hainbat bakarlarirekin egin du lan; besteak beste, De los Angeles, Armstrong, Baker, Bastianini, Berganza, Bumbry, Burrows, Caballé, Carreras, Van Dam, Decker, Donath, Domingo, Gigli, Hager, Janowitch, Lorengar, Mandeal, Marshall, del Mónaco, Norman, Pavarotti, Procter, Schwarkopf, Tear, Varga edoVickers. Maisuen artetik aipatu behar ditugu Abbado, Argenta, Barenboim, Frühbeck, López Cobos, Maag, Makerras, Maazel, Markewich, Masur, Mehta, Muti, Ozawa, Rattle, Salonen, Stokovsky edota Víctor Pablo Pérez.
Orkestrei dagokienez, ondokoekin egin du lan: Berliner Philharmoniker Orchester, English Chamber Orchestra, Txekiako Filarmonikoa, Dresdeko Filarmonikoa, Royal Liverpool Philharmonic, Berlineko Rundfunk Sinfonie Orchester, Galiziako Sinfonikoa, Madrileko Sinfonikoa, Russian National Orchestra edo Milaneko Filarmonikoa.
Argitaratutako 130 grabaketetatik aipagarriak dira EMI-Francentzat egindakoak: Padmavati (Rousel), Requiem (Fauré), III. Sinfonia (Ropartz), L´Arlesiana (Bizet), Edipo (Enesco), Guercoeur (Magnard), Évocations (Roussel), Koronazio Meza (Mozart), Mors et Vita (Gounod), Rédemption (Franck), Requiem (Verdi) eta Carmina Burana (Orff) Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta Michel Plasson-ekin.
2003an, Verdiren Requiem Mezarekin EMIk argitaratutako CDa Grammy sarietarako izendatu zuten Abesbatza Emanaldi Onena kategorian. Obra bera DVD formatuan argitaratu zuten. Deutsche Grammophone zigiluarekin ondokoak nabarmentzen dira: Homenaje a Carmen, 1997an Berlinen grabatua Silvesterkonzert kontzertuan Abbado zuzendariarekin eta Berlineko Filarmonikoarekin; Berliozen La damnation de Faust 1999an Salzburgon grabatua, eta Mahlerren Bigarrena Lucernako Jaialdian 2003an grabatua La Orquesta del Festival-ekin Claudio Abbadok zuzenduta. Auvidis-Ibéricarekin: Goyescas (Granados) eta La tabernera del puerto (Sorozábal). Virgin Classicsentzak 2009an grabatu zuen Mahlerren Bigarren Sinfonia Frankfurt Radio Symphony Orchestrarekin batera eta Paavo Järvik zuzenduta.
MAPAWEB | PRIBATUTASUN POLITIKA | LEGE OHARRA
Diseinua infobide.com © Orfeón Donostiarra - Donostiako Orfeoia