Martes, Octubre 4, 2016

Zortzi kontzertu eskainiko ditu urrian Orfeoiak eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren bi ekitaldi ofizialetan abestuko du. Urriaren 3tik 8ra, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2016-2017 denboraldiko bost inaugurazio-kontzertutan parte hartuko du, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian. Aurten, Carmina Burana izango da bost kontzertuen obra nagusia. Urriaren 7an, lehen Eusko Jaurlaritzatik 80 urte igaro direla ospatzeko ekitaldian parte hartuko du abesbatzak, Gernikan. Urriaren 14an eta 15ean, parte hartzeko bi emanaldi eskainiko ditu beste ahots boluntario batzuekin batera, Madrilgo Auditorio Nazionalean. Azkenik, 29an, Torora joango dira orfeoilariak, Zamorara, bertako kultura-programan parte hartzeko.

Jun Märkl Euskadiko Orkestra Sinfonikoko titularrak zuzenduko ditu orkestraren abonu-denboraldiko lehen bost inaugurazio-kontzertuak. Carmina Burana obraren aurretik, Xabier Sarasaren Fanfarria #3308 estreinatuko du orkestrak. Xabier Sarasa EOSeko kidea da eta orkestrak enkargatuta konposatu du lan hori. Gainera, Toshio Hosokawaren Meditation interpretatuko dute, 2011n Japoniako iparraldea astindu zuen tsunamiaren biktimak omentzeko lana. Orfeoiak, Susanne Elmark sopranoak, Carlos Mena kontratenorrak eta Peter Schöne baritonoak Orffen Carmina Burana kantata abestuko dute. Hona hemen emanaldien egunak: urriaren 3an, Gasteizko Principal Antzokian; 4an, Iruñeko Baluarte Auditorioan; 5ean, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta 7an eta 8an, Donostiako Kursaal Auditorioan.

Urriaren 6an, zenbait euskal herri-abesti kantatuko dituzte orfeoiko kideek, Patxi Aizpiri piano-jotzaileak lagunduta, Donostiako udaletxeko terrazan, 20:15ean. Udaletxearen fatxadaren argiztapena inauguratzeko ekitaldian; hain zuzen ere.

Hilaren 7an (ostirala), eguerdian, lehen Eusko Jaurlaritza sortzearen 80. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute Gernikan, eta abesbatzak ekitaldian parte hartuko du. Agirre lehendakariak, José Andrés Álvarez Lastra abokatu aberatsaren nortasun faltsua hartuta, erbestera egin zuen bidaia irudikatuko dute. Eguerdiko hamabietan, batzar-aretoan, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariaren, beste lau lehendakari ohiren eta ehun bat gonbidaturen aurrean, Sorozabalen Gernika interpretatuko du Orfeoiak, Iñaki Salvador piano-jotzaileak lagunduta. EITBk zuzenean emango du ekitaldia.

Aurtengo parte hartzeko kontzertuetan, Fauréren eta Mozarten Requiemak abestuko dira. Auditorio Nazionaleko Areto Sinfonikoan egingo dira bi kontzertuak, hilaren 14an eta 15ean, eta Madrilgo Filarmonia Orkestra arduratuko da alderdi instrumentalaz. Fauréren Requiemerako bakarlariak Laura Sabatell sopranoa eta Eneko San Sebastián Orfeoiko baritonoa izango dira.

Mozarten Requiemean, Madrilgo Erkidegoko beste abesbatza batzuetako kideek abestuko dute; guztira, 400 lagun izango dira agertokian. Marta Pilar Hernandok hautatu eta prestatu ditu. Gainera, bakarlari hauek parte hartuko dute: Laura Sabatell sopranoak, Lucía Gómez mezzosopranoak, Alain Damas tenorrak eta Luis Santana baritonoak.

Sainz Alfarok zuzenduko ditu guztiak.

Kontzertu parte-hartzaile hauek 2011z geroztik egiten dira orkestra berarekin, eta musika korala gogoko dutenei Orfeoiarekin batera abesteko esperientzia bizitzeko aukera ematea dute helburu. Aurreko urtean Verdiren Requiemari eskaini zioten programa, 2014an Carl Orffen Carmina Buranari, 2013an Wagnerri, 2012an Verdiri, eta 2011n Beethovenen Bederatzigarrenari.

Hila amaitzeko, Toroko (Zamora) kultura-programan parte hartuko du Orfeoiak. «Las Edades del Hombre» izeneko erakusketa antolatu du hiriak, eta 35 ikuskizun eskainiko dituzte. Bada, Orfeoiarena horietako bat izango da. Hilaren 29an, Brahmsen Requiem alemaniar bat abestuko du Orfeoiak, Patxi Aizpiri eta Xabier Lizaso piano-jotzaileek lagunduta eta Sainz Alfarok zuzenduta, Jainkoaren Maitasunaren kaperan. Luis Santana baritono zamorarra eta Cecilia Lavilla sopranoa (Teresa Berganzaren alaba) izango dira bakarlariak.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.