Monday, April 4, 2016

Donostiako Orfeoiaren Orfeoi Gazteak Ejea de los Caballeroseko (Zaragoza) Abesbatza-Lehiaketaren 45. edizioan parte hartu du eta gazteen kategoriako lehen saria eta publikoaren saria eskuratu ditu.

Epaimahaiko kideek «parte hartu duten abesbatzen maila handia, interpretazioaren kalitatea, guztien lan bokala eta abesbatzetako ahotsen arteko oreka» goraipatu dituzte. Era berean, «maila handiko abeslari gazteen kopurua» nabarmendu dute, «eta horrek Espainiako abesbatzen etorkizun oparoa» bermatzen duela.

Abesbatza gazteek lau lan interpretatu behar izan zituzten a capella: bat nahitaezkoa, Josu Elberdinen De Ronda por Aragón, musika herrikoiaren ingurukoa, eta beste hiru. Orfeoi Gazteak Aita Donostiaren Iru Txito, Monteverdiren Cantate Domino eta Z. Randall Strooperen The Conversion of Saul hautatu zituen. Esteban Urzelaik eta Leticia Vergarak zuzentzen dute abesbatza.

Kategoria horretako lehen saria, 2.000 eurokoa, Ejeako Udalak babestu du. Gainera, Orfeoi Gazteak publikoaren saria ere irabazi du, 1.000 eurokoa, SER Cinco Villas irratiak babestu duena. Entzuleek ematen dute, saioak entzun ondoren, txartel bidez bozkatuta.

Helduen abesbatzen kategorian Gasteizko Vocalia Taldea izan zen garaile eta, sariaren hiru mila euroak jasotzeaz gain, Ejeako Abesbatza-Lehiaketako ordezkaria izango da 2017ko Abesbatzen Sari Nazionalean.

Gazteen kategorian, Sant Cugateko Kontserbatorioko Abesbatzak lortu zuen bigarren saria eta Cabezón de la Saleko Halane Abesbatza Gazteak hirugarrena.

Ejeako Udaleko Kultura Sailak Sofejearen eta Ejeako Abesbatza Polifonikoaren laguntzarekin antolatu duen XLV. Abesbatza-Lehiaketako berritasuna Abesbatza Zuzendaririk Onenaren Saria izan da. Barañaingo (Nafarroa) Abesbatzako Pello Ruizek eraman du.

Aragón Televisión autonomiako telebista-kateak lehiaketa filmatu du eta laster emango du.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.