Wednesday, May 3, 2017

Bost emanaldi eskainiko ditu Orfeoiak maiatzean, denak Sainz Alfarok zuzenduta. Lehena hilaren 6an izango da, Getariako San Salbador elizan; Antxua Egunean programatu diren ekitaldietako bat izango da. Programak bi zati izango ditu; lehenengoan eliz-abestiak kantatuko dituzte eta bigarrenean euskal abesti herrikoiak. Gerardo Rifón izango da organo-jotzailea. Kontzertua 20:30ean hasiko da, eta doakoa izango da. Gonbidapenak Getariako turismo-bulegoetan jaso ahal izango dira.

Bigarren kontzertua hilaren 13an izango da, Madrilgo Auditorium Nazionalean, A+Música Zikloan. Antón García Abrilen Tres acuarelas aragonesas lana estreinatuko dute Andrés Segovia ganbera-orkestrarekinbatera; ahots zurietarako konposatutako lana da. Aurretik, konpositore beraren Alba de soledades interpretatuko du orkestrak. Emanaldi honen programa osatzeko, lan hauek interpretatuko ditu Orfeoiak: Verdiren Nabucco operako esklaboen korua, Pucciniren Madama Butterfly operako Coro bocce chiusa eta Pucciniren Messa di Gloria, azken hori Emmanuel Faraldo tenorrarekin eta Pablo Ruiz baritonoarekin batera.

Hurrengo egunean, orfeoilariak Boadilla del Montera (Madril) joango dira dira XV Festival Boadilla Clásicos: Larga vida a la ópera jaialdian parte hartzeko. Opera-koruen eta zarzuelen zatien aukeraketa bat eskainiko dute udal-auditoriumean, Patxi Aizpiri piano-jotzaileak lagunduta. Vinaixa Gartzia (sopranoa), Miguel Valencia (baritonoa), Javier Puente (tenorra), Juncal Baroja (sopranoa) eta Amaia Lizarraga (sopranoa) orfeoilariak izango dira bakarlariak.

Hurrengo kontzertua hilaren 19an izango da, Kursaalean, Medikuntza Orokorraren eta Familiakoaren XXIV. Kongresu Nazionalean, Mediku Orokorren eta Familiakoen Espainiako Sozietateak (SEMG) antolatuta. Habanerak, euskal abesti herrikoiak, abesti mexikarrak eta nazioarteko pop abestiak interpretatuko dituzte (guztira, 18), Patxi Aizpiri piano-jotzaileak lagunduta.

Hila amaitzeko, Orfeoiaren talde txiki batek musika jarriko dio Getariako Cristóbal Balenciaga Museoak Rachel Lowe Lambert Melonen ehun- eta dokumentu-bildumari eskainiko dion erakusketaren inaugurazioari.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.