Tuesday, February 27, 2018

Orfeoiak bi jarduera izango ditu martxoan: alde batetik, Donostian, Verdiren Requiema interpretatuko du, Plácido Domingoren zuzendaritzapean; eta, bestetik, Europako bira egingo du. Hain zuzen ere, Mahlerren 8. sinfonia interpretatuko du Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin eta Yannick Nézet-Séguin maisuarekin, Rotterdamen eta Bruselan.

Martxoaren 1ean, Plácido Domingoren ama omenduko du Donostiak. Pepita Embil sopranoa Getarian jaio zen, duela ehun urte, eta gaztea zenean orfeoilari izan zen. Plácido Domingo Verum Orkestra Sinfonikoaren eta Orfeoiaren buruan jarriko da, Viktoria Eugenia antzokian, Verdiren Requiema zuzentzeko. Hauek izango dira bakarlariak: Ana María Martínez sopranoa, Nancy Fabiola Herrera mezzosopranoa, Arturo Chacón tenorra eta Nicholas Brownlee baritonoa.

Plácido Domingok otsailaren 10ean entseatu zuen abesbatzarekin, eta kontzerturako gogo handia erakutsi zuen. Sarrera guztiak egun bakarrean saldu ziren. Zuzendari eta tenorrak eskerrak eman zizkien hainbeste urteren ondoren oraindik bere amaz gogoratzen diren guztiei.

1990ean, Orfeoiak une ahaztezina bizi izan zuen Pepita Embilekin eta Plácido Domingorekin, Musika Hamabostaldian, Anoeta kiroldegian, kontzertua eman zuenean, EOS eta Ainhoa Artetarekin batera eta Eugene Kohnen zuzendaritzapean. Kontzertuan, Verdi, Sorozabal eta Mascagniren opera zatiak interpretatu zituzten. Kontzertuari amaiera emateko, ama-semeek Haurtxoa sehaskan abestu zuten.

Urteko nazioarteko lehen irteera

Aurten, nazioarteko lau irteera programatuta dauzka Orfeoiak, eta martxoan izango da lehena. Rotterdamen eta Bruselan bira bat egingo du Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin, zeinak ehun urte beteko dituen aurten. Hiru kontzertu emango dituzte Europako bi hiri horietan, martxoaren 23tik 25era, eta programa bera izango da hiruretan: Mahlerren 8. sinfonia interpretatuko dute, orkestrako titular Yannick Nézet-Séguinen zuzendaritzapean. Herbehereetako Groot Omroepkoor eta Rotterdam Symphony Chorus abesbatzek eta Nationaal Kinderkoor haurren abesbatzak parte hartuko dute; izan ere, «Milakoen sinfonia» ere esaten zaio obra horri, eta, interpretatzeko, instrumentista eta koralista asko behar da.

Bakarlariak hauek izango dira: Angela Meade (sopranoa), Erin Wall (sopranoa), Erin Morley (sopranoa), Sarah Connolly (mezzosopranoa), Mihoko Fujimura (mezzosopranoa), Michael Schade (tenorra), Markus Werba (baritonoa) eta Christof Fischesser (baxua).

Rotterdamgo De Doelen zentroan egingo dira martxoaren 23ko eta 25eko kontzertuak. Hor 2.100 lagunentzako tokia dago, eta sarrerak amaitu dira jada. Martxoaren 25eko kontzertua AVROTROS irratian emango dute. De Doelen eraikina 1934an eraiki zuten; 1940an, suntsitu egin zen II. Mundu Gerrako bonbardaketen ondorioz, eta 1966an berriz eraiki zuten. Gaur egun, kontzertu-areto bat eta biltzar-zentro bat ditu. Seiehun kontzertu antolatzen ditu urtero, musika klasikokoak, mundu osoko musika tradizionalekoak nahiz jazzekoak, eta ia milioi erdi ikusle erakartzen ditu.

Martxoaren 24ko kontzertua Bruselako Arte Ederren jauregian (Bozar) egingo da, Henry le Boeuf aretoan; hor 2.100 lagunentzako tokia dago. Belgikako erdigune artistiko dinamikoenetariko bat da, urtean milioi bat bisita jasotzen baititu.

 

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.