www.orfeondonostiarra.org
 9. Alea - 2008ko Ekainaren 25a                    Aldizkari Elektronikoa                       CASTELLANO

DONOSTIAKO ORFEOIA ZARAGOZAKO EXPO-KO EUSKADIREN EGUNEAN IZANGO DA

Zaragozako Expoko Euskal Autonomia Erkidegoaren egunerako aurreikusitako ekitaldi nagusia ekainaren 29an, igandea, egingo den kontzertua izango da. Bertan, Donostiako Orfeoiak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Ainhoa Arteta sopranoak, Maite Arruabarrena mezzosopranoak, José Luis Sola tenoreak eta José Antonio López baxuak parte hartuko dute. Guztiak Miguel Ángel Gómez Martínezek zuzenduko ditu. Kontzertua Zaragozako Auditoriumeko Mozart aretoan izango da. Bertan, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari ugari izango dira. Kontzertuari honako izena eman diote: "Bozkarioarentzako oda. Musika gizakiak elkartzeko zubia". Izenburu horrek musikak, hizkuntza unibertsala den aldetik, gizakiak batzeko duen ahalmenari egiten dio erreferentzia.

Ekitaldia 20:15ean hasiko da. Lehenik eta behin, Peter Thomas concertinoa arituko da Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta José Olaizola euskal konpositorearen Sorgiñeta kontrapasa interpretatuko du, Jon Maia Sein dantzariak lagunduta. Ondoren, Ainhoa Artetak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak Antón García Abril autorearen triptikoari helduko diote: Canciones de Valldemosa. Hitzak Antonio Gala idazlearenak dira. Konpositore aragoitarrari egindako omenaldia izango da, hura jaio zela 75 urte betetzen direnean. Donostiako Orfeoiaren txanda Guridiren Cuadros Vascos obrarekin iritsiko da. Kontzertuaren bigarren zatian Beethovenen Bederatzigarrena interpretatuko dute. Obra horretan Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta lau bakarlariek hartuko dute parte, eta, laugarren mugimenduan, Donostiako Orfeoiak ere abestuko du.

Kontzertu horrekin amaituko da Zaragozako erakusketak Euskadiri eskainiko dion eguna. Erakusketaren ardatzak ura, energia berriztagarriak eta garapen iraunkorra izan dira.