Datorren igandean, hilak 22, Orfeoiak eta Lizeoko Antzoki Handiko Akademiako Orkestrak kontzertua emango dute Castellóko auditoriumean. Sainz Alfarok zuzenduko ditu Eusko irudiak eta C. Orff-en Carmina Burana lanak. Milagros Poblador (sopranoa), Flavio Oliver (kontratenorra) eta Wolfgrang Newerla (baxua) izango dira solistak.
Orkestra gaztea 2002-03 denboraldian sortu zuten, eta bere helburua musikari gazteak Lizeoko Antzoki Handiko denboraldian musika proiektu profesionalean parte hartzera eta orkestra sinfoniko berri baten partaide izatera animatzea da. Lizeoko Antzoki Handiak programatutako jardueretan aritzeaz gain, kontzertu sinfonikoak eman ditu Kataluniako eta Espainiako hainbat hiritan eta auditoriumetan. Nabarmentzekoak dira Bartzelonako Kataluniako Musika Jauregian, Andorran, Alellan, Alacanten, Cerveran, Saloun, Viladecansen, Terrassan, La Seu d'Urgellen, Zaragozan, Montserraten eta Pals-en izandakoak. Bestalde, Guerassim Voronkov-en, Salvador Mas-en, Sebastian Weigle-n, Maurizio Barbaciniren, Salvador Brotons-en, José Colladoren eta Jed Gaylin-en zuzendaritzapean aritu da, eta lehen mailako solisten laguntza izan du; hala nola, Montserrat Caballérena, Al·la Voronkovarena, Kai Gleusteen-ena, Konstantin Gornyrena eta Claudio Bohórquez-ena.
Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta 2004an inauguratutako Auditori i Palau de Congressos de Castellók antolatutako udaberriko ekintza kulturalen abonu denboraldiaren parte da.Kontzertuaren aurreko astean 1.234 sarrerak ia salduta zeuden.
|