|
Datorren
asteburuan Orfeoi Txikiak bi kontzertu emango ditu Lourdesen (Frantzia).
Hiri horrekin harreman estua du Orfeoiak joandako urteetan kontzertu
sakro ugaritan parte hartu izan duelako. Badira
hainbat hilabete Alaitz Guridi -Orfeoi Txikiko zuzendaria- haur
abesbatzako neska-mutilekin saioak egiten ari dela; saio horietan
abestuko duten programa zabala landu dute. Louerdesen egingo diren
bi kontzertuak, larunbatekoa eta igandekoa, Santa Bernardette
elizan izango dira. Azken kontzertu horretara bisitari gisan joango
da gaixorik dagoen Gipuzkoako haur talde bat; boluntarioek eta
senitartekoek lagunduta joango dira, eta Donostiako Elizbarrutiko
Lourdesko Andre Mariaren Ospitaleak antolatuta. Hartara, beste
behin, Orfeoi Txikiak -lehendik ere badu esperientziarik halako
kontzertu solidarioetan parte hartzen, UNICEFen gabonetakoetan,
esate baterako- babesgabeko haurrei abestuko dizkie prestatu dituzten
abestiak; haur gaixoei, hain zuzen ere.
Orfeoi Txikia
osatzen duten 77 lagunek 8 eta 14 urte artean dituzte, eta Andre
Mariaren santutegia dagoen udalerrira joango dira prestatu duten
errepertorioa abestera. Esteban Urzelai ere beraiekin izango da
pianoa jotzen. Bi kontzertuetan ondoko abestiak abestuko dituzte:
J. Guridiren Seis canciones infantiles, Rutter-en For the Beauty,
L. Delibesen La Messe brève, J. Estesen Meza, X. Sarasolaren
Cuatro Canciones Vascas eta J. Knowlesen The Rosa.
1988. urtean sortu zenetik, Orfeoiko Txikiko txikiek, benetako
ahotsez osatuta dagoenak, beren hiriari lotutako hainbat gertaeratan
parte hartu dute: Donostiako kaleetan egiten den Agata Deuna haur-abesbatzetan
parte hartu du, Gabon kantak abestu ditu edota abuztuaren 15ean,
Andre Maria Egunean, Koruko Santa Mariaren Basilikan egindako
Salbean eta Mezan abestu du. 1998. urtea izan zen haur-abesbatza
honen urterik garrantzitsuenetakoa: apirilean, beste 37 haur-abesbatzarekin
batera, Anoetako Belodromoan egin zen Kantata 98n parte hartu
zuen, kontzertu horretan estreinatu zuten Tomas Aragüésen
Jimmi Potxolo lana, Bernardo Atxagaren testuak oinarri zituena.
Ondoren, Donostiako Orfeoiarekin batera izan ziren agertokian
Santanderko Jaialdian eta Donostiako Musika Hamabostaldian; bertan,
Israelgo Filarmonikoarekin batera, eta Zubin Mehtak zuzenduta,
Mahlerren Hirugarren Sinfonia abestu zuten. |