Murtziako Orkestra Sinfonikoarekin eta Sainz Alfaro zuzendariaren gidaritzapean, Orfeoiak Murtziako Lorca udalerrian egingo
duten Espirelia jaialdian hartuko du parte. Carl Orffen Carmina Burana interpretatuko du hilaren 14an eskainiko duen
ikuskizunean.
Udako Espirelia jaialdia ekaina eta abuztua artean ospatu ohi da eta, egun, kulturako espazioen topagune bihurtu da. Hala,
beste hainbat ekimenen artean, musika klasikoko kontzertuez, poesiaz, popaz, erakusketez, dantzaz, antzerkiaz, eztabaidez,
topaguneez, aldarrikapenez, jaiaz, haur egitarauaz edota zinemaz gozatzeko aukera egon ohi da; izan ere, helburua jende
guztiarengana iristea baita. Bosgarren edizio honetan, Espainiako eta nazioarteko kulturaren alderdirik onenak uztartzen
dituen eskaintza ekarriko dute Murtziako udalerri honetara.
Orfeoiak Mesedeetako komentuaren kanpoaldean abestuko du Carmina Burana. Koruak ondo ezagutzen du aipatutako lana, herrialde
ugaritan kantatu baitu hainbat zuzendarik, orkestrak eta bakarlarik lagunduta, arrakasta handiarekin beti. Abesbatzaren historian
oraindik ere garrantzi handia dauka 1964. urtean Lucernako jaialdian (Suitza) aurkeztutako bertsioak. Rafael Frühbeck de Burgosek
Carl Orffekin berarekin landu zuen partitura, eta honek bere oniritzia eman zion, emankizunera ikusle arrunt bat izango balitz
bezala joanez. 1973an, beste bertsio gogoangarri bat abestu zuen Orfeoiak, Berlingo Filarmonikarekin batera, azken hauen egoitzan,
orduan ere Frühbecken zuzendaritzapean. Nabarmentzekoa da, halaber, 1998an Alemaniako hainbat hiritan egindako bira (Karlsruhe,
Kolonia, Dusseldorf, Hannover, Wilhemshaven eta Hanburgo). Aldi hartan ere obra bera interpretatu zuten, Galiziako Sinfonikoarekin
eta Víctor Pablorekin batera.
Ahotsen taldea osatzen, Yolanda Auyanet (sopranoa), Carlos Mena (kontratenorra) eta Toni Marsol (baritonoa)
bakarlariak arituko dira.
Murtziako Orkestra Sinfonikoa eskarmentu handiko irakasle talde batek osatua da; Murtziako Kontserbatorioetan prestatu ziren
gehienak. Hasiera-hasieratik, José Miguel Rodilla izan da bertako zuzendaria. Orkestrak, bere ibilbide artistikoan, hainbat
zuzendari gonbidatu izan ditu; besteak beste Enrique García Asensio, Alexander Vedernikov, Tamás Vásáry, Ignacio Yepes, Elio
Boncompagni, Manuel Hernández Silva, Jesús Amigo eta Marcus Bosch. Denboraldi bakoitzean hiru abonu-ziklo programatzen ditu
Cartagena, Lorca eta Murtzia udalerrietan. 2005ean, opera kontzertuen bira egin zuen Orfeoiarekin batera, eta Salamancan zein
Alcalá de Henaresen eskaini zituen kontzertuak. Urtebete lehenago, Sáinz Alfarok Auditorium Nazionalean zuzendu zituen, berriz
ere, bi musika taldeak. Aldi hartan, Pucciniren Aintzazko Meza eta Prokofieven Alexander Newsky abestu zituzten.
|