Madrilgo Auditoriumean "Lagrimas al viento" izeneko diskoa aurkeztu ondoren, Gontzal Mendibil kantautoreak eta Orfeoiak, Boreas Kamera haizezko boskotearekin eta José Luis Canal pianistarekin batera, datorren larunbatean, hilak 19, M-11ko atentatuetan oinarritutako CD hau ikus-entzule nafarrei ezagutarazteko balioko duen kontzertua eskainiko dute Iruñeko Baluarten.
Lan hau M-11ren oinazearen omenez egindako kantua da, abeslari bizkaitarraren arabera, eta "sentimendua, artea eta indarra" dario. Gontzal Mendibilek, atzetik 30 urteko ibilbidea eta hamaika disko dituenak, disko honetako hitzak konposatu zituen "tristura pertsonal eta galera sentipen batekin, eta fenix hegaztia bezala, beharrezkoa da hori gainditzea bizitzan eta etorkizunean sinesteko, garai hobe baterako itxaropen izpi gisa".
Diskoak hamar kanta biltzen ditu eta Donostiako Orfeoiaz gain, Bratislavako Orkestrak eta beste hainbat artistak hartu du parte bertan; Mari Fe Nogalesek, María Lópezek, Ana Leirak, Carolina Rodríguezek eta Teresa Garcíak ahotsa jartzen; Gerard Luc-ek bere akordeoiarekin; Alberto Rodríguezek gitarra akustikoarekin; Igor Otxoak eta Harkaitz Martinezek txalapartarekin; eta Angel Unzuk, Iñigo Egiak eta Blas Fernandezek perkusioarekin.
Kontzertu honetarako, Orfeoiko kideek beren ohiko soineko zuriaren ordez, jantzi beltzak eramango dituzte soinean, Madrilen egin zuten moduan, dolua agertzeko. Kontzertua arratsaldeko 20tan hasiko da.
|